Udako kirol-ikastaroetan izena emateko epea zabaldu dute Getxon, maiatzaren 5era arte

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 16:54
Kirol udaleko bateko artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Maiatzaren 5era arte zabalik egongo da Getxo Kirolak-en udako kirol ikastaroetan izena emateko epea. Guztira, 1.550 leku egongo dira Fadurako eta Gobelako kiroldegietan uztailean eta abuztuan izango diren ikastaroetan. Programazioaren barnean, haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak egongo direla iragarri dute, eta, aurten, helduentzako padela egongo da. Izena emateko beharrezkoa izango da abonu-txartela izatea.

Eskaintzaren barruan, 4 eta 14 urte arteko haurrentzako aisialdiko eta kirol anitzeko 4 orduko ikastaroak izango dira goizez, astelehenetik barikura, eta zaintza-zerbitzua ere egongo da jardueren ordutegia baino ordu erdi aurretik eta ondoren. Egunero ingelesa emango dute ordubetez. Horrez gain, Grand Slam ikastaroak egongo dira 8 eta 16 urte arteko neska-mutilentzat, tenisa, padela eta uretako jarduerak praktikatzeko; halaber, Getxo Igeriketa klubak igeriketa-klaseak emango ditu 4 eta 17 urte arteko umeentzat.

Aurretiko izen-emateak Fadurako eta Gobelako herritarren arretarako bulegoetan edo Getxo Kirolaken webgunearen bidez egin ahal izango dira. Izapidea online egiteko, NAN elektronikoa edo sarbide pertsonaleko gako bat behar dira, eta azken hori kiroldegietako bulegoetan eskatu behar da. Online sarbide-gakoak aukera ematen du instalazioak erreserbatzeko nahiz kirol-ikastaroen altak eta bajak kudeatzeko edozein deialditan –udako ikastaroak eta sasoiko ikastaroak–. Plazen zozketa maiatzaren 10ean argitaratuko dute.

Kluben kirol eskaintza

Getxo Kirolaken eskaintzaz gain, Getxoko klubek kirol-ikastaroak eta -campusak ere antolatuko dituzte udan honako modalitate hauetan: atletismoa, kirol egokitua eta inklusiboa, errugbia, eskubaloia, futbola, gimnasia erritmikoa, psikomotrizitatea eta gimnasia, igeriketa, patinajea, kirol anitza, saskibaloia, tenisa, txirrindularitza, arrauna, bela, kayaka, padel surfa, surfa eta xakea.

Horietan izena emateko ez da beharrezkoa izango Getxo Kirolaken abonu-txartela edukitzea, baina txartela dutenek % 7ko deskontua eskuratu ahal izango dute.

Aurtengo udako udal kirol-eskaintzan, “Gimnasia eta aquagym kostaldean” doako programa ere sartu da, 60 urtetik gorako pertsonentzat. Egunero ordubeteko klasea izango da, 10:00etatik 11:00etara, hainbat kirol-parketan eta Ereagako hondartzan.

Getxo Kirolakek liburuxka bat argitaratu du udako kirol-eskaintza osoagaz (udal-erakundeak antolatutakoa nahiz klubek antolatutakoa), eta liburuxka hori Fadurako eta Gobelako bulegoetan jaso daiteke edota bere webgunetik (https://labur.eus/483B0) deskargatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun