Getxoko Udaltzaingoak 12 salaketa izapidetu ditu aste-akabu honetan alkohola eta drogak kontsumitzeagatik

Erredakzioa 2023ko api. 18a, 17:06

Artxiboko irudia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak 12 pertsona salatu ditu egunotan trafikoari eta bide-segurtasunari buruzko araudia urratzeagatik: zortzi, baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoz gidatzeagatik; beste hiru, substantzia estupefazienteak kontsumitzeagatik positibo emateagatik; eta beste gidari bati, baimendutako alkohol-tasa hirukoiztuta gidatzeagatik eginbide penalak bideratu zaizkio.

Trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainen esparruan, Getxoko Udaltzaingoak bide-segurtasuneko prebentzio-plana aktibatu zuen joan den barikuan, hilaren 14an, 20:00etan, eta, asteburuan, alkoholemiako eta segurtasuneko prebentzio-kontrolak ezarri zituen.

Udal-iturriek zabaldu dutenez, barikutik zapaturako goizaldean, bi gidari salatu zituzten baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoz gidatzeagatik, eta beste bi drogen eraginpean gidatzeagatik. Zapatutik domekarako goizaldean, beste lau gidari zigortu zituzten baimendutakoa baino tasa handiagoz gidatzeagatik, eta beste gidari bati eginbide penalak bideratu zitzaizkion alkohol-tasa hirukoizteagatik. Azkenik, domekatik astelehenerako gauean hiru salaketa gehiago jarri zituzten, bi baimendutakoa baino alkohol tasa handiagoz gidatzeagatik eta beste bat drogetan positibo emateagatik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun