Denetarik dugu gure kostalde kuttun honetan eta bi mila urteko bidaia egingo dugu gure herri-izenen jatorria aurkitzeko. Badirudi zenbait herrietako izenen jatorria milaka urte atzera kokatzen dela, zehazki, erromatar inperioaren garaietan. Hiru herri, behintzat, baditugu uste horren menpe: Urduliz, Gorliz eta Lemoiz.
Hirurek dute –iz amaiera. Atzizki hori pertsona-izenen ondoren txertatzean, hori nondik datorren edo noren semea den adierazi ohi du. Beraz, itxura osoa du hiru herri horien izenen jatorrian pertsona-izenak daudela, gerora herriei ezarriak. Zalantzak badaude ere, baliteke Gorliz herri-izenaren jatorrian erromatar garaiko Corilus izen klasikoa egotea; Lemoizen atzean Lemonius edo Limo eta Urdulizen jatorrian Ortorius. Gainera, azken izen horretatik eratorri omen zen Ordorika abizen ezaguna ere.
Bi milurteko aurrera eginda, baditugu toponimo modernoagoak ere; ezagunena Neguri da. Getxoko auzo hori XX. mende hasieran eraiki zuten eta mende hasierako euskal pizkundearekin egin zuen bat. Horregatik, badirudi «negu" eta «uri" izenen elkarketaz sortu zutela Neguri izena, garaiko aberatsek negua igarotzeko leku ederra zelakoan.
Hara, gure herri-izenen iragana hain zalantzagarri den honetan, batek daki mila urte barru historialariak guri buruz ariko diren, Sopela herriari Sope deitzen hasi ginelako…