Gabonetako Zozketa-egunean Areetako loteria-dendan lapurreta egin zuten ustezko egileak atxilotu dituzte

Erredakzioa 2023ko api. 19a, 12:37

Getxoko 3. loteria-administrazioa.

Madrilen eta Bizkaian bizi diren bost pertsonaz osatutako talde-kriminal bat desegin du Espainiako Poliziak. Besteak beste, Areetako Los Arcos izenez ezaguna den 3. loteria-administrazioan indarra erabiliz egindako lapurretaren ustezko egileak izatea leporatu diete. Lapurreta Gabonetako Zozketaren egunean izan zen, abenduaren 22an, goizaldean. Poliziak gauzak indarrez lapurtzea eta erakunde kriminaleko kide izatea egotzi die. Gaizkileek 50.000 euro eskudirutan eta 250.000 euro dezimotan lapurtu zituzten, lokalaren kutxa gotorra lantza termikoaren bitartez lehertu ondoren.

Polizia-iturriek zabaldu dutenez, gaizkileek Areetako loteria-dendaren alarma-sistemak erabilezin bihurtu eta dirua eta loteria-dezimoak gordeta zituen kutxa gotorra ireki zuten oxiebaketa-soplete bategaz. Handik gutxira, Espainiako Poliziako agente judizialek jakin zuten Madrilgo Erkidegoko 50 bat loteria-administraziotan Areetako administrazio horretatik zetozen dezimo sarituak masiboki kobratzen ari zirela; denera, 100.000 euro baino gehiago izan ziren sari horiek.

Beharrezkoak diren froga guztiak bildu ondoren, ustezko bost lapurrak atxilotu zituzten eta, epailearen esku utzi ondoren, espetxeratu egin dituzte. Ikerketa zabalik dago oraindino, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun