Getxoko emakume bat da Madrilgo jatetxe bateko sutean hildakoetako bat

Erredakzioa 2023ko api. 24a, 13:49

Burro Canaglia Bar&Resto jatetxea kanpotik ezbeharraren aurretik. © GOOGLE MAPS

Zapatuan, hilaren 29an, bi pertsona hil eta 10 zauritu ziren Madrilgo Burro Canaglia Bar&Resto jatetxean izandako sutearen ondorioz. Ezbeharrean hildako bat A. V. getxoztarra izan da, hainbat hedabidek zabaldu dutenez. Bilboko Zorrotzaurreko IMQ klinikan egiten zuen lan, erizain gisa, eta hango beharginek minutu bateko isilunea egin dute gaur eguerdian lankidea gogoratzeko.

Espainiako Polizia Zientifikoa zapatuan jatetxean jazotako sutea ikertzen ari da. Ezbeharraren zergatiaren nondik norakoak baieztatuta ez badaude ere, iturri guztiek azpimarratu dute zerbitzarietako batek eskuan zuen flanbeatzeko soplete batek eragin zuela sua. Dirudienez, langileak tresna hori piztu zuen pizza bat txigortzeko, eta une horretan sabaitik zintzilik zeuden landare artifizialetako batek hartu zuen su.

Ikerketa dekorazioa egokia zen ala ez baieztatzen ari da. Ildo horretan, horren inguruko egokitasuna ez ezik, jatetxeak sukaldea izateko baimena zuen ere zalantzan jarri da. Madrilgo Udalak, hala ere, baieztatu du 1997tik duela sukaldea izateko lizentzia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun