Adimen Artifiziala

Iñigo Bilbao Barrenechea: "ChatGPT-ak ez du arrazoitzen, horregatik, txarto dauden erantzunak eman ahal ditu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko api. 26a, 13:32

Bilbaok telekomunikazioko ingeniaritzara aplikatzen du Adimen Artifiziala.

Denon ahotan dago Adimen Artifizialaren (AA) auzia: badira batzuk, teknologia horrek liluratuta, edozertarako erabiltzen dutenak; badira beste batzuk, mesfidati agertzen direnak eta euren lanpostuetarako mehatxu gisa hartzen dutenak; eta badira besteak, ordea, kuriositate hutsak deituta AA darabilten aplikazioak probatzera ausartzen direnak. Hala, Adimen Artifizialak ez du inor indiferente utzi. Horregatik, Iñigo Bilbao Barrenetxea (Getxo, 1997) doktoregaiagaz mintzo gara teknologia horren argi-ilunez aritzeko, izan ere, berak telekomunikazioko ingeniaritzara aplikatzen du AA.

Nola definituko zenuke Adimen Artifiziala?

Adimen Artifizial oro programa informatiko bat da, hau da, ordenagailu batean idatzitako kode bat. Programazio klasikotik ezberdintzen duen ezaugarri nagusia da sartzen zaizkion datuen arabera egokitu daitekeela era askeago batean. Beraz, esan daiteke AA-k datuetatik “ikasten” duela. Halaber, AA mota asko daude, eta, gehienetan, industria edota produkzio alorretan aplikatzen dira, kasu horietan, datuak erabiltzen direlako prozesuak modelatzeko eta optimizatzeko.

Zertarako erabil daitezke?

Erabilera asko dituzte. Lehen esan bezala, produkzioarekin lotura estua dute AA gehienek. Izan ere, horien garapenak diru asko sortu dezake prozesuak hobetzen, egoerak aurreikusten eta arazo konplexuak ebazten. Hala ere, orokorrean, aplikagarriak dira datu asko dagoen edozein alorretan, eta garatzailearen eskuetan egongo da horien inplementazio eta funtzionamendua. 

Programazio klasikoarekin konparatuz, irudiak eta testuak kudeatzeko bide ezin hobeak dira, eta, nire ustez, bi alor horietan erakutsi dute AA-ek garapenik garrantzitsuena. Irudiei dagokienez, aurpegi-ezagutzatik, Dall-e bezalako arte sortzaileak asmatu dituzte, hamaika erabilera desberdinei atea irekiz. Testuari dagokionez, itzulpen zehatzetatik, ChatGPT bezalako laguntzaile birtualak ditugu gaur egun. 

"Programazio klasikoarekin konparatuz, irudiak eta testuak kudeatzeko bide ezin hobeak dira, eta, nire ustez, bi alor horietan erakutsi dute AA-ek garapenik garrantzitsuena"

Zer abantaila ditu? 

Abantailak kontaezinak dira. Esan bezala, ondo funtzionatzen duen teknologia da, eta, beraz, egoki erabiltzen bada hobekuntza asko ekarri ditzake. AA edozein arlotan aplika daiteke: karbono isurketen murrizketarako, heziketaren hobekuntzarako, laguntzaile-digital baten sorkuntzarako, etab. 

AA-k beste lanabes bat dira gauzak berriak asmatzeko, beraz, sortzailearen eskuetan dago azken emaitza abantaila bat izatea ala ez. Dakigunez, mundu honetako motibaziorik handienetariko bat dirua lortzea da, eta, horregatik, erabilera kasu gehienak horretara bideratzen dira. Hala ere, ekimen publiko eta pribatu zehatz batzuk sortzen ari dira AA-k hobekuntza sozialetara ere bideratzeko eta helburu ekonomikoak alde batera uzteko asmoz.

Mehatxu gisa ikusten dute pertsona askok... Beste arrisku askoren artean, uste duzu AA-k pertsonen jardunak ordezka ditzakeela?

Nire ustez mehatxu desberdinak antzematen dira AA-ren inguruan. Batzuk ulergarriak eta beste batzuk, ordea, zentzugabekoak. Zentzugabekoekin hasita, bada denbora zeinetik pelikula eta liburuetan Adimen Artifizial Orokor batekin (Artificial General Intelligence, AGI) amesten den: iruditegi zehatz horretako teknologiak kontzientzia hartzen du eta munduaz jabetzen da, gu geu ere kontrolatuz. Adituen aburuz, errealitate hori oso urrun dugu eta egun ditugun garapen guztiek ez dute zerikusirik horrelako “izaki” artifizial batekin.

Beste aldetik, zuk esan bezala, lana eta bestelako jardunak ordezkatzeko beldurra existitzen da, eta, kasu horretan, baliteke horrela izatea. Izatez, gero eta gauza gehiago kudeatu daitezke AA-k erabiliz, eta horrek lanpostu asko ordezka daitezkeela esan nahi du. Ikertzaile askok iraultza teknologiko gisa ikusten dute AA, eta erreboluzio guztietan gizartearen antolamendua eta premiak aldatzen dira, lanpostu tradizionalak desagerraraziz eta berriak sortuz.

Azkenik, datuekiko eta pribatutasunarekiko kezka ere existitzen da, eta beldur hori ere ulergarria da. Lehen esan dugun moduan, AA-k datuak erabiltzen ditu bere “ezagutza” lortzeko, eta, horrek datuekiko premia bat sortzen du. Horregatik, enpresa handiek gero eta datu gehiago biltzen, saltzen eta kudeatzen dituzte, horiekin estrategia komertzialak ere antolatuz. Laburbilduz, AA-k datu pertsonalen premia handitu du, eta horien kudeaketa erraztea ere ekarri du. 

"ChatGPT karbono isurketa ugari sortzen dituen tresna da. Izan ere, erabiltzen den bakoitzean programak eragiketa konplexuak egiten ditu eta horiek egiteko elektrizitatea erabiltzen du"

ChatGPT-a adimen artifizialaren mugarri bezala ezarri dute.

Nire ustez, ChatGPT-ak egin dezakeena harrigarria da. Duela urte batzuk pentsaezina zen horrelako tresna bat existitzea. Ia edozein gairi buruz galdetu ahal diozu eta, gehienetan, zentzuzko erantzun bat ematen dizu. Hala ere, aplikazio horri eman behar zaion erabilera kontrolatua izan behar da. Izan ere, ChatGPT-ak ez du arrazoitzen, horregatik, txarto dauden erantzunak ere eman ahal ditu.

Lengoaian oinarritutako AA bat da eta ez du beste logikarik jarraitzen. Hau da, ez du logika matematikoa erabiltzen, adibidez. Are gehiago, AA-en ikerketa munduan ez du aurrerapauso handirik suposatu. Jada existitzen zen teknologia baten inplementazio on bat da, baina ez da aurretik ikusi ez den teknologia berri baten sorrera izan. 

Beste alde batetik, karbono isurketa ugari sortzen dituen tresna da. Izan ere, erabiltzen den bakoitzean programak eragiketa konplexuak egiten ditu eta horiek egiteko elektrizitatea erabiltzen du. Halaber, kontuan hartu behar da teknologia hori Microsoft-en bilatzailean inplementatu dela, eta, beraz, aplikazioan bilaketa ugari egingo direla. Hortaz, CO2 isurketak ere era nabarmenean handituko dira.

Herrialde batzuetan ChatGPT-a debekatu dute, Italia kasu. Zergatik?

Italiaren ustez ChatGPT-ak Datu Pertsonalak Babesteko Legea hausten duelako. Esaten dute erabiltzaileen datuak interes komertzialetarako kudeatzen dituela aplikazioak, Europako legegintzaren kontra eginez. Ikerketak jarraitzen badu ere, Italian ChatGPT-ak debekatuta jarraitzen du eta baliteke Europako beste herrialde batzuetan horrelako prozedurak ere hastea.

Nire ustez, garrantzitsua da horrelako neurriak hartzea, izan ere, erabiltzaileen eskubideak jokoan daude. Badirudi jendeak berri hori zerbait kaltegarri moduan hartu duela, ChatGPT-a erreminta boteretsu eta onuragarri bat delako, baina, nire ustez, gure eskubideak garrantzitsuagoak dira.

Beraz, AA arautzearen alde zaude? 

Pribatutasuna beti bermatu behar da eta hori posible izateko AA-k mugatu behar badira, ondo deritzot. Baina ez AA bat izateagatik, baizik eta legeak edozeinen eta edozeren aurrean babestu behar gaituelako. Izatez, AA bat garatu daiteke pribatutasunaren eskubidea urratu barik, beraz, zilegi da horretaz baliatzen diren prozedurak mugatzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun