Udalerriko 150 gurasoren ideiak batu ditu Getxoko EH Bilduk tokiko umeei begirako aisialdirako eskaintza areagotzeko asmoz

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 27a, 09:40

Udalerriko parke gehiago estali behar direla ondorioztatu du Getxoko EH Bilduk, besteak beste. Artxiboko irudia.

Tokiko umeen aisialdi-eskaintza areagotu guran, EH Bilduk "Getxon bizi eta jolastu!" proposamena aurkeztu du. Hori egiteko, azaldu dutenez, udalerriko 150 gurasoren ekarpenak eta ideiak jaso dituzte azken asteetan, "hainbat arloren inguruan: gaur egun eskaintzen diren zerbitzuak, azpiegiturak, hobetu daitezkeen eremuak...". Horregaz guztiagaz, bost puntu dituen proiektua aurkeztuko du koalizio abertzaleak gaur egingo duten Udaleko osoko bilkuran.

Proiektua bost puntutan banatuta dago:

  1. Ludoteka eta txikiguneak auzoetan
    • Getxok gaur egun Ludoteka bakarra du Areetan. EH Bilduren arabera, hori ez da nahikoa. "Ez dago zalantzarik: ludotekak eta txikiguneak behar ditugu auzoetan. Areto estaliak, begiraleekin, tailerrekin, erabilera anitzetarako gelak... eta euskara ardatz izango dutenak. Eskolekin ere akordioak bilatu daitezke jolasguneak irekitzeko eskola orduetatik kanpo".
  2. Parke estaliak: hobetu eta gehitu
    • Gaur egun udalerrian dauden parke estaliak hobetu behar direla ondorioztatu du programak, batik bat euria eta haizea egiten duenean erabiltzeko. "Aterpe batzuk jarri eta kendu daitezke sasoiaren arabera. Horrez gain, parke gehiago estali daitezke auzoetan, eta gune irekiren batean ere aterpea jar daiteke, zaburik gabe, korrika egin eta jolasteko oztoporik gabe".
  3. Programazioa: ez da nahikoa
    • Umeei begirako eskaintza nahikoa ez dela ere azpimarratu du: "Programazio anitzagoa behar dugu (antzerkia, musika, pailazoak, zinea, txotxongiloak, txangoak, eskulanak...), prezio merkeagoan eta euskara hutsez. Kalean ere ekimenak antolatu behar dira, eta ez bakarrik Muxikebarri eta RKEn. Dinamizatzaileak eta ipuin kontalariak parkeetan, plazetan... Kale fest formatua mantendu eta kale-zinema antolatu".
  4. Getxolandia eta udalekuak
    • Egitasmoaren arabera, Getxolandiak oso balorazio negatiboa du. Hala, aukera ezberdinak aztertu behar direla azpimarratu du koalizioak, leku estali batean antolatzeko eta bere eskaintza hobetu eta handitzeko (adinen araberakoa, puzgarriakaz...). "Udalekuetan ere eskaintza handitu beharra dago: plaza gehiago, merkeago eta anitzagoa (kultura eta sormena lantzeko)".
  5. Gune berde eta basatiak
    • Umeentzako gune berde eta basatiak ere aldarrikatu du egitasmoak: "Landak, egurrezko jolasak, rokodromoa, tirolinak, ingurumenarekin lotutako tailerrak... eta ez bakarrik parke artifizializatuak eta porlana".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun