Begoñako galerien bisiten diseinua berritu dute, modu horretan, oraindino monumentua ezagutzen ez duen jendea erakartzeko, baina baita daborduko bisitatu dutenak eta obraren bilakaera jarraitu gura dutenak ere etorrarazteko.
Hala, monumentuaren historiaren eta “istorioen” garrantzia areagotu egin dute, eta aurreko bisitetan obra eta segurtasun arrazoiengatik helezinak ziren eremuak bisitatu ahal izango dira. Garrantzi handiko 13 gune identifikatu eta seinaleztatu dituzte Begoñako galerien sekretuak ezagutzeko aukera emateko. Modu horretan, Getxo, Bizkaia eta Euskadiko historian izan duen garrantziaren berri emango dute, baita galerietako hormen barruan izan diren giza istorioen eta pasadizoen inguruko informazioa zabaldu ere. Era berean, proiektua, obraren bilakaera eta monumentuaren etorkizuna ezagutzeko aukera eskainiko dute.
Besteak beste, flyscheko haitzuloa, Abra gaineko talaia, lorategi gotortua, terraza jagolea edo Historiaurreko kokalekua bezalako tokiek beti estrategikoa izan den leku baten gakoak ezagutaraziko dituzte. Modu horretan, Begoñako galerien historia errepasatuko dute hurrengo aroetatik igaroz: neolitikotik, XVI. eta XVII. mendeetako defentsa-borroketatik, Bizkaiaren abiatze ekonomikotik, Gerra Zibiletik, frankismotik eta krisi ekonomiko eta sozial berrienetatik.
Bisitak, puntu bakoitzera fisikoki sartzeko aukera emateaz gain, horietan guztietan argazkiak, bideoak, testigantzak, eta, kasu askotan, argitaratu gabeko irudiak modu digitalean eskuratzeko aukera emango du, modu horretan, Begoñako galerien balio historiko bakarra ulertzeko. Ildo horretan, bariku, zapatu eta domekako bisita gidatuakaz batera, aste barruan ikastetxe, talde, elkarte eta abarrentzako aukera egongo da, eduki eta garapen orokor edo tematikoakaz.
Gainera, obragaz eta bisitakaz bateragarriak diren fundazioak edota bizitza kultural eta artistikoko beste aktore batzuek antolatutako jarduerak, erakusketak, musika eta tailerrak ere programatuko dituzte.