Gaztetasuna tokiko 130 ume eta gaztek osatzen duen irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Kideek azaltzen dutenez, ume, gazte eta begirale boluntarioen artean garatzen dituzte haien ekintzak eta, horretarako, zapaturo elkartzen dira, besteak beste, Gabonetako, Aste Santuko eta udako oporretan egonaldiak antolatzeko.
2019ra arte, ekintza horiek egiteko beharrezkoa duten egiturak eta materialak Getxoko Udalak lagatako lokal batean gordetzen zituzten. Urte hartan, lokala erreformatuko zutelakoan, taldea Aiboako institutu zaharrera behin-behinean lekualdatu zuen Udalak. Hala ere, “aldaketa hori gauzatzeko eskaria burutu ostean jakin izan genuen leku-aldaketa behin betikoa izango zela”, azaldu dute Gaztetasuna taldekoek.
Ekin eta gero, Fadurako gela batzuetan haien gauzak uzteko aukera izan zuten gerora. Baina leku hori ere utzi behar izan zuten 2021eko urtarrilean, Getxo Kirolak erakundeak behar zuelakoan, “eta Aiboako institutuan obretan erabiltzen den kaseta bat eskaini ziguten”.
Aisialdi taldekoek diotenez, hasieratik adierazi zuten leku hori “egokia” zela, baina egoera “oso kaskarra” zela, lurra ustelduta, hezetasuna eta lurrean zuloak zituelako. Are, lau hilabete eman zituzten argindarra lortu zuten arte, “gaur egun, berriro ere, ez duguna…”.
Bizi duten egoera “tamalgarria” dela deitoratu dute, eta, gainera, salatu dute aurten jakin dutela Udalak eraikin hori botatzeko asmoa duela.
Hori guztia dela eta, Gaztetasuna taldekoek lau urteotan bizi izandakoa publikoki salatu gura dute, baita haien etorkizuna bermatzeko leku bat ez dutela ere. Hala, lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazita, 2012an taldeagaz hartutako "konpromisoa" bete dezala eskatu diote Getxoko Udalari: “Ez dugu erdizkako konponbiderik nahi, behin betiko zerbait behar dugu. Otsailean zerbait eskaini ziguten, baina denbora pasatzen ari da eta gure gauzak han jarraitzen dute egoera txar batean”.