Egizu elkarteak antolatuta, Getxoko Udalaren laguntzagaz, Berbodromoa egingo dute maiatzaren 18an, eguenean. Aurten ere, betiko xedea mantenduko dute, hau da, euskaldunak elkartzea eta giro lasaian proposatutako gai zehatz batzuei buruz aritzea, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz egitera animatzen, eta euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukerak ematen. Aurten, gainera, arrastian kantuz itxiko dute eguna.
Saioak:
- 09:00etan Algortako San Nikolas plazan
- 11:00etan Algortako San Nikolas plazan
- 18:00etan Itzubaltzeta/Romoko Ibaiondo kalean
Saioen ondoren, kantu-jira egingo dute Itzubaltzeta/Romoko kaleetatik, 19:30etik aurrera.
Berbodromoan parte hartzeko aurretik izena eman eta galdetegi txiki bat bete behar dute pertsona interesatuek Egizuren webgunean.
Aurtengo mintzagaiak, hurrengoak izango dira:
1- Adimen artifizialak dakarren iraultza.
- Makinek lanpostuak ordezkatuko dituzte? Ze arrisku eta ze onurak ekarri ahal digu AAk? Kezkatuta zaude?
- Kontrolatu behar da Adimen Artifiziala? Nola? Nork?
- Ezagutzen duzu ChatGPT? Erabili duzu? Zein iritzi duzu?
- Zibersegurtasunaren etsai?
2- Aisialdia euskaraz
- Zer egiten duzu zure aisialdian? Zeintzuk dira zaletasunak lanetik kanpo? Aukera duzu zure aisialdia euskaraz egiteko?
- Kontsumitzen duzu pantailarik euskaraz? Zinema, serieak, sare sozialak…
- Aukera duzu kirola euskaraz egiteko? Zergatik?
- Ze ohitura duzu kulturaz gozatzeko? Eskuragarri dago Getxon antzerkia, musika, dantza?
3- Pertsona, elikagai eta gauzen mugikortasuna
- Nola mugitzen zara Getxo barruan eta Getxotik kanpo? Oinez, metroz, patinete elektrikoz, bizikletaz, busez, kotxe pribatua. Inoiz pentsatu duzu aldaketaren bat egitea gutxiago kutsatzeko?
- Zelan ikusten duzu Getxoko eta Bizkaiko garraio sarea eta antolaketa? Zer sustatu behar dute erakundeek?
- Hurbileko ala urruneko elikagai eta produktuak erosten dituzu? Zer ondorio ekarri dezake erregaien garestitzeak egungo kontsumo-ohituretan?