Virginia Diazek urrea lortu zuen skiff modalitatean (1x), Esther Brizek lemazainik gabeko bian (2-), Aina Cidegaz bikote eginez, eta Izaskun Etxanizek zilarra lortu zuen lemazainik gabeko lauko modalitatean (4-), Iria Jarama, Maria Fernanda Valencia eta Olivia del Castillogaz batera.
Skiff modalitateko 2.000 metroko probaren amaiera oso azkar eta zirraragarri baten ondoren, epaileek foto finish-a erabili behar izan zuten txapeldunaren izena argitzeko. Helmugarako 500 metro falta zirenean, Diaz hirugarren postuan zegoen, baina amaiera lehergarri bati esker Aurelia-Maximo Katharina Janzen suitzarrari gailentzea lortu zuen bi ehunenengatik, 07:33.93ko denboragaz.
Bigarren kategorian, Esther Brizek Aina Cidegaz osatu zuen bikotea. Azken horrek badaki zer den Raspasekoakaz arraun egitea, behin baino gehiagotan izan baita Virginia Diazegaz nazioarteko probetan ere. 07:16.59ko denbora egin zuten eta 73 ehuneneko aldea atera zieten bigarren sailkatuei, Radka Novotnikova eta Pavlina Flamikova Txekiar Errepublikako arraunlariei.
Eta laugarren kategorian, Izaskun Echanizek zilarrezko domina jantzi zuen, Iria Jarama, Maria Fernanda Valencia eta Olivia del Castillogaz batera. Helmugan markatu zuten denbora 06:50.93koa izan zen, lehen sailkatuengatik lau segundo eta 59 ehunenekora.
Munduko Kopako proba hori maiatzaren amaieran izango den Europako Txapelketarako prestatzeko balio izan du, baita munduko hurrengo txapelketarako ere, azken hori Pariseko Joko Olinpikoetarako sailkatzeko proba izango dena.