Gaur hasiko dira sanisidroak Getxoko Andra Mari auzoan

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 11a, 12:45

Maiatzaren 15ean ospatzen da baserritarren zaindari San Isidroren ohorezko eguna. Hala, Getxo aldean ospakizunak izango dira hilaren 11tik 15era bitartean. Gaur, eguenean, emango diete hasiera ospakizunei, Malakaten, 17:30eko umeentzako ikuskizunagaz. Ondoren, 20:00etan, txupina jaurti eta jaiak ofizialki hasiko dira. Hortik aurrera, lau egunez, adin eta gustu guztientzako hamaika jarduera egongo dira gozagai: herri-bazkariak, kirol erakustaldiak, umeentzako tailerrak, kalejirak, kontzertuak... Ez da aspertzeko tarterik egongo astelehenean, San Isidro Egunean, jaien amaierako txupinak festari urtebeteko deskantsurako deia egingo duen arte.

Urtero legez, auzoko euskal dantzen erreferente den Itxas Argia dantza-taldeak askotariko lekuen folklorearen eta dantza-tradizionalen erakusketa ikusgarria egingo du zapatuan, hilaren 13an, kiroldegian. Horretarako hitzordua 21:00etan jarri dute. 

Gaueko busa

Aurten ere, jai batzordeak gaueko autobus zerbitzua jarriko du martxan barikuan eta zapatuan. Lehenengo egunean, udalerri osoa zeharkatuko duen ibilbidea egongo da aukeran, 45 minutuan behin; zapatuan, berriz, Bidezabaleko metrora arte, 30 minutuan behin. Zerbitzua 23:00etatik 06:00etara arte egongo da aukeran.

Egitaraua

Maiatzak 11, eguena

  • 17:30 Umeentzako ikuskizuna, Malakaten.
  • 19:30 Emakumeak, bizitza, lurra. Lurraldea eta hizkuntza erdigunera. Etxalde, Basoa eta Warmipura gertute, Bentan.
  • 20:00 Txupinazoa, kiroldegiko aparkalekuan.
  • 20:00 Kontzertuak, kiroldegiko aparkalekuan, eta pintxopotea: Lazka eta talde sorpresa.

Maiatzak 12, barikua

  • 17:00 Txupinazoa eta pregoia, Geroako ikasleen eskumenez, Malakaten.
  • 17:00 Eskupilota erakustaldia, kiroldegian.
  • 17:30 Parkean Olgetan ume eta helduentzako jolasak, Malakaten.
  • 17:30 Grafitiak eta musika, Maidagan kaleko horman.
  • 18:00 Mus txapelketa, Bentan.
  • 19:00 Txokolate-jana, Malakaten.
  • 19:00 Dokumentala: Yauri Etxalde, Bentan.
  • 19:30 Buruhandiak, Malakaten.
  • 20:00 Kalejira eta poteoa, Bentatik hasita.
  • 21:30 Suzko behia, kooperatibatik bentara.
  • 21:30 Kontzertuak: Ukabilkada, Amooma, Th'Booty Hunters, aparkalekuan.

Maiatzak 13, zapatua

  • 10:30 Arto landaketa eta jolasak, Ibarbengoan.
  • 11:30 Umeentzako puzgarriak eta kartinga, Malakaten eta Unbe saskibaloi pistan.
  • 11:30 Umeentzako tailerrak eta irrati saioa, Malakaten.
  • 12:00 Yoga tailerra, elizako landan.
  • 12:00 Herri kirolak, kiroldegian.
  • 12:30 Fanfarria, Malakatetik hasita.
  • 15:00 Herri bazkaria, aparkalekuan. Tiketak auzoko tabernetan salgai.
  • 18:00 Skate tailerra, Ortzadar plazan.
  • 18:30 Zumba, Malakaten.
  • 19:00 Kantupoteoa, kiroldegitik hasita.
  • 19:00 Umeentzako zinema: Barraskiloa eta balea, +3 urte, Bentan.
  • 21:00 XXVIII. Herrien Jaialdia, kiroldegian: Itxas Argia eta A.C. Trencal de Carlet (Valentzia).
  • 21:30 Gazteentzako DJa, Malakaten.
  • 21:30 Suzko behia, kooperatibatik Bentara.
  • 23:00 Kontzertuak: Bidean erromeria, aparkalekuan.

Maiatzak 14, domeka

  • 10:00 Herri azoka, aparkalekuan.
  • 11:00 Umeentzako bingoa, aparkalekuan.
  • 12:30 Bertso-saioa, aparkalekuan:
    • Arrate Illaro, Kerman Diaz, Maialen Lago eta Oier Aizpurua.
    • Gai jartzailea: Aritz Landeta.
  • 14:00 Folk taldea, aparkalekuan.
  • 17:30 Patinaje festibala, kiroldegian.
  • 18:00 Umeentzako paintballa, 8 urtetik gorakoentzat, elizako landan.

Maiatzak 15, astelehena

  • 17:00 Umeentzako ikuskizuna, Malakaten.
  • 18:30 Jaien amaierako txupina, Malakaten.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun