Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, joan den eguenean, hilak 11, Getxoko ertzain-etxeak jakin zuen ezezagunek herri horretako estanko bati iruzur egiteko saiakera bat prestatzen ari zirela.
Antza denez, pertsona bat establezimendu horregaz harremanetan jarri zen 7.500 euro inguruko tabako-eskaera egiteko, ustez festa pribatu baterako, eta garraiolari bat salgaia biltzeaz arduratuko zela adierazi zion. Informazio horren aurrean, Ertzaintzak jarraipena eta zaintza egiteko dispositibo bat ezarri zuen.
Iturrien arabera, enkarguaren egileak estankoaren jabeari bidali zion, telefono mugikorraren bidez, tabakoagatik adostutako zenbatekoaren transferentziaren bankuko frogagiriaren argazkia. Ondoren, ustezko garraiolari bat agertu zen establezimenduan, aurpegia musuko bategaz estalita, eskaera jasotzeko. Une horretan, zaintza-operatiboko ertzainek susmagarria atxilotu zuten.
Era berean, beste gizon bat ere atxilotu zuten, handik gertu furgoneta batean bere zain zegoena. Aldez aurretik, polizien iturriek azaldu dutenez, egiaztatu zuten ez zela inolako diru-sarrerarik egin tabako-saltzailearen banku-kontuan, eta, ondorioz, ustez egindako transferentzia faltsua zela.
Gainera, enkargua egin zuenak beste pertsona baten nortasuna usurpatu zuela egiaztatu ahal izan zuen Ertzainak. Agenteek jakin ahal izan zutenez, gizon horrek NANa galdu zuen 2019an, eta, ordutik, hainbat delitu-egitate izan dira EAEn eta Espainiako Estatuko beste toki batzuetan, nortasun horren izenean. Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du, iruzurra egiteko nortasun hori ordezkatu zuen gizona identifikatu eta atxilotzeko.
31 eta 27 urteko atxilotuek polizia-aurrekari ugari dituzte, eta horietako bat hirugarren graduan dago.