Antolatzaileek jakinarazi dutenez, martxa onean jarraitzen du Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketak. Atzo, astelehenean, jokatu zuten bigarren kanporaketa, Bilbon, eta bertan aritu ziren zortzi bertsolarien artean, June Diaz getxoztarrak batu zituen puntu gehien.
Hauek izan dira zortzi parte hartzaileak:
- Andrea Bañuelos
- June Diaz
- Amaiur Galdos
- Naia Martin
- Maialen Lago
- Goizane Saratxaga
- Haizea Telleria
- Naia Ruiz De Arbulo
Gai-emaile lanetan Arkaitz Zipitria aritu zen, eta epaileak Ainhoa Arregi, Juanjo Respaldiza eta Mirari Azula izan ziren; idazkaria, aldiz, Ander Elortegi.
Bizkaiko Eskolarteko hirugarren eta azken kanporaketa bihar, maiatzaren 17an, izango da Igorreko Lasarte aretoan. Saioa, aurreko kanporaketak bezala, arrastiko 17:00etan izango da. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalera eta gainontzeko bost bertsolariak puntuazioaren arabera.
Finala maiatzaren 27an jokatuko dute Gernika-Lumoko Astran. Goizeko 10:00etan eskolarteko idatzizko finala izango da eta, ostean, 11:30ean, ekingo dio bat-bateko finaleko zortzikoteak.