Geroa ikastolako jolastokia ikasleentzako arriskutsua dela salatu du guraso talde batek

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 22a, 16:50

Geroa ikastolako jolastokian eroritako horma, obra-hesiagaz.

Publiko egindako gutun batean, IGEren babesagaz, Geroa ikastolako guraso talde batek bere kezka agertu du bertako Haur Hezkuntzako jolastokiak haien seme-alabentzat dakarren arriskuagatik.

Diotenez, 2022ko Aste Santuan hasi ziren umeentzako jolastokia birmoldatzeko lanak, ikasturte berria hasi baino lehen bukatzeko promesagaz. Hala ere, sortutako itxaropenak gorabehera, gurasoek errealitate kezkagarriagoagaz egin zuten topo, egiaztatu baitzuten patioak ez zuela zaburik, ezta hesirik ere Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako eremuen artean, altuera desberdinetan baitaude. Haren ordez, obrako hesiak jarri zituzten, eta arrisku nabarmena bihurtu ziren, gurasoek azaldu dutenez.

Urte bereko irailaren 14an, lau urteko bi haur kaltetu ziren obrako hesi bat gainera erori zitzaienean jolastokian jolasten ari zirela; umeetako batek lesioak izan zituen begian eta sorbaldan. Familiak eta ikastolak kexa bat aurkeztu zioten Getxoko Udalari, medikuaren parteak babestuta, baina neurri zuzentzaileak ezartzeko hiru hilabete behar izan zituzten udal-agintariek, behin betiko hesia jarri zuten arte.

Beste gertakari batek kezka handiagoa eragin zuen gurasoen artean, Maidagan kaletik zetorren sarreretako baten ondoko harrizko horma erori egin baitzen, “ondoko etxebizitza-bloke baten lanen ondorioz”. Hainbat hilabetez, behin-behineko hesi metaliko bat jarri zuten bertan, baina, denborarekin, ondoko eraikitze-lanen ondorioz tolesten hasi eta martxoaren 7an erori egin zen, haize-bolada bortitzen ondorioz.

Segurtasunean arrisku nabarmena egon arren, Udalak erantzun bakarra eman zuen: hesi metalikoa berriro jarri kaltetutako eremuaren inguruan, eraikuntza-enpresak horma berreraikitzeko ardura hartzearen zain. Apirilerako berreraikitzea programatuta zegoen arren, eta ikasturtearen amaiera ate-joka dagoela, gurasoek deitoratu dute oraindino ez dela neurririk hartu.

Horren harira, gurasoak kexu dira Geroa ikastolako patioko egoerak kezkagarria izaten jarraitzen duelako 2023ko maiatzaren erdialdean. Plastikozko hesi eramangarriak oraindino bertan daude, eta alde bat zigilatu dute Haur Hezkuntzako eraikinaren aurrean.

Gainera, gurasoek istripuak eragin dituen metalezko zabu bategaz izandako arazoen berri eman dute baita ere. Diotenez, neska bat erori egin zen hura estreinatu zutenean, eta hematoma bat du kopetan. Beste kasu batzuen berri ere eman dute; horietako batean, mutil batek arreta medikoa behar izan zuen kokotsean egindako zauri baten ondorioz. “Hesiak eta zabua jarri zituztenetik, patioa arriskutsua da”, salatu du publikoki guraso-taldeak.

Behin-behineko irtenbide gisa, Udalak bi taula jarri ditu zabuen eremu arriskutsuenean, hesi gisa, baina gurasoek azpimarratu dute istripuak ez direla eremu horretara bakarrik mugatu.

Era berean, adierazi dute ez daudela pozik Getxoko udal-agintarien jarreragaz, haiek emandako data guztiak “sistematikoki bete ez dituztelako” eta ez direlako haiekaz harremanetan jarri konponketei amaiera emateko data berriak proposatzeko.

Gertakari horiek ikusita, gurasoek premiazko deia egin dute neurriak har ditzaten Geroa ikastolako Haur Hezkuntzako jolastokian ezbehar are handiagoak gertatu aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun