Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatu Amaia Antxustegik adierazi duenez, bainu lagunduaren zerbitzua hobetu gura izan dute: "Zerbitzua zabaltzeak mugikortasunean eta autonomia pertsonalean mugak dituzten pertsonekin hartutako konpromisoari erantzuten dio. Gure talde teknikoak zeuden aukerak aztertu ditu eta bainu hori hartzeko epea luzatzea erabaki dugu, baita lagundutako bainua hartzeko ezaugarri egokiak dituzten beste bi hondartza gehiago sartzea ere." Hala, Arenan, Ereagan, Plentzian, Laidatxun, Isuntzan eta Arrigorrin ez ezik, Gorlizen eta Bakion ere zerbitzua emango dute.
Bestalde, denboraldi honetan Istripuak Prebenitzeko, Sorospen eta Laguntza Zerbitzua emango duen lantaldea uretako 154 soroslek eta koordinazio-lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute. Egunero eskualdeko zazpi koordinatzaile, koordinatzaile nagusi bat eta 88 sorosle egongo dira zerbitzuan, honela banatuta: zazpi Arenan, bi Areetan, bost Ereagan, lau Arrigunagan, hiru Gorrondatxen, bost Barinatxen, zazpi Arriatera-Atxabiribilen, bi Muriolan, lau Plentzian, sei Gorlizen, bi Armintzan, zazpi Bakion, bi Aritzatxun, bi Laidatxun, bi Toñan, lau San Antonion, sei Laidan, lau Lagan, bi Ean, bi Ogellan, hiru Isuntzan, bost Karraspion eta bi Arrigorrin.
Zerbitzu honetako pertsonek 13 itsasontzi, zortzi ur-motor, 13 buggy (zortzi elektriko), hiru quad, petrolio-gas likidotuko lau lur orotako ibilgailu, 11 turismo (bat elektrikoa, zortzi hibrido eta bigasezkoak) izango dituzte; halaber, desfibriladore erdiautomatikoak, glukometroak, pulsioximetroak, ohatilak eta hondartzetan hala behar duten pertsonei laguntza emateko beharrezkoak diren elementu guztiak izango dituzte. Hondartzetan erabili beharreko ekipamendua hondartza bakoitzaren ezaugarrien araberakoa izango da. Sorosleekaz batera, hondartzetako segurtasuna zainduko dute 14 hondartzain (zortzi eguneko) daude.
Gainera, hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuak 101 pertsona hartuko ditu aurtengo denboraldian, ordutegi desberdinetan arituko direnak. Pertsona hauek hondartzak garbitzeko 11 makina handi, hiru kamioi, bi furgoneta, 12 traktore, hiru ekortzeko makina, mantentze-materiala garraiatzeko kutxa irekiko kamioi bat, lur orotako bederatzi pick-up (horietako bat plataforma jasotzaileagaz) eta eskuzko bost bahetzaileagaz egingo dute lan.
Zakarrontziei eta hondakinak biltzeko bidoiei dagokienez, aurreko denboraldian gertatu zen bezala, hondartzetarako sarbideetan, hareatzatik kanpo, jarriko dira, 2022an erabiltzen hasi ziren paperontzi adimendunak barne. Hondartzen multzoak 481 paperontzi eta hondakinak biltzeko 144 bidoi izango ditu, baina kopuru hori udan detektatzen diren beharren arabera alda daiteke. Hondartzetako ekipamenduei dagokienez, aurten 85 dutxa (333 ihinztagailu), 76 iturri/oin-garbigailu, eta desgaitasuna duten pertsonentzako zazpi iturri eta bi eserleku, 367 parrila-plataforma eta 2.049 metroko egurrezko pasabide jarri ditu.