Sustrai Colinak eta Joanes Illarregik kantatuko dute Balkoitik Balkoiran ekainaren 16an

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 31a, 12:40

Iazko saioa, hasi berritan. © ALBE

Duela 24 urte hasitako tradizioari jarraituz, Balkoitik Balkoira bertso-ekitaldia egingo du aurten ere Algortako Bertsolari Eskolak. Saioa ekainaren 16an izango da, barikuan, Algortako Portu Zaharrean, 21:30etik aurrera. Bertan, Sustrai Colina eta Joanes Illarregi bertsolariak arituko dira, bertsozale guztien gozamenerako.

1802an, Tolosako Plaza Zaharreko balkoi banatatik aritu ziren bertsotan orduko lau bertsolaririk ospetsuenak: Zabala, Fernando, Txabalategi eta Altamira. Arrasti osoan jardun omen zuten kantuan bi-bitara, eta ilundu eta gero ere, entzuleak deiadarka zebiltzan, bertsolariek kantatzen segi zezaten.

Itzelezko saio hura gogoan abiatu zen Algortako Balkoitik Balkoira ekimena 1999. urtean. Lehenengo saioa San Nikolas plazan egin zuten eta Lizasok eta Egañak kantatu zuten. Hurrengo urtetik aurrera, Portu Zaharreko Etxetxu plazan egiten hasi zen, gaur arte. Saio ikusgarri bezain atsegingarria izaten da beti.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun