"Getxoko izen handiak" dokumental-saileko hirugarren filmak Vicente Amezaga izango du protagonista

Iker Rincon Moreno 2023ko mai. 31a, 13:14

Gaur, eguaztenean, Romo Kultur Etxeak "Getxoko izen handiak" saileko beste dokumental baten proiekzioa hartuko du, 19:00etatik aurrera. Oraingoan, Vicente Amezaga idazle, itzultzaile, euskaltzale eta politikari getxoztarra izango da protagonista. Filmak egilearen ibilbide profesionala eta pertsonala jorratuko eta arreta berezia jarriko du sormen-alderdian, bai eta lehenengo Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu gisa izandako jardunean ere. Lan hau saileko hirugarrena da, eta Getxoko Udalak udalerriagaz lotura estua duten kulturako izen nabarmenei omenaldia egiten die.

Dokumentalak egilearen bizitza eta lana erakutsiko ditu, besteak beste, kulturako eta hezkuntzako hainbat pertsonaiaren testigantzen bidez, baita, argazki eta ikus-entzunezkoen bitartez ere. Halaber, Arantzazu, Mirentxu, Begoña, Bingen eta Xabier bere seme-alaben testigantzak eskainiko ditu. Filmean kultura eta hezkuntzako zenbait izenen partaidetza izan du, hala nola Javier Campo idazlea, Xabier Irujo (Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen zuzendaria), Jabier Kaltzakorta (Deustuko Unibertsitateko irakaslea) eta Joseba Agirreazkuenagarena (EHUko Historia Garaikideko katedraduna).

Getxon jaioa 1901eko uztailaren 4an, Vicente Amezagak euskara bere kabuz ikasi zuen 16 urte zituela. Laster lortu zuen hizkuntzaren ezagutza handia eta, interes intelektual sakoneko gizona izanda, interes handia erakutsi zuen gaztetik hizkuntzak ikasteko. Alderdi horretan, greko klasikoa, latina, ingelesa, frantsesa eta alemana ikasi zituen, bai eta euskara eta gaztelania ere. Getxoko Elizateko Bake Epaile gisa jardun zuen, eta 1936an Hezkuntza sailburu izendatu zuten lehen Eusko Jaurlaritzan.

Gerra Zibilaren hasieragaz batera, Euskaditik alde egin behar izan zuen eta Ingalaterran eta Argentinan erbesteratu zen. Bigarren erbesteratzea Uruguain hasi zuen eta hortik Venezuelara abiatu zen. Caracasen behin betiko etxebizitza izango zuen eta bertan Zuzenbide irakasle gisa aritu zen. Han bizi izan zen hil zen arte, 1969. urtean. Amezaga, gainera, euskaltzain urgazlea izan zen, baita Eusko Ikaskuntzaren Institutu Amerikarreko kide ere.

Vicente de Amezaga literatura unibertsaleko zenbait egileen lanaren euskarazko itzulpenengatik nabarmendu zen. Itzuli zituen lehen mailako testuen artean, aipatzekoak dira Oscar Wilderen Reading Baitegiko leloa; William Shakespeareren Hamlet. Danemarkeko Erregegaya; J. W. Goetheren Lur-Miña eta Juan Ramon Jiménezen Platero ta biok. Halaber, Plinio (Plini gaztearen idazkiak), Eskilo (Prometeu burdinetan) eta Ciceron (Adiskidetasuna) bezalako autore klasikoen testuak itzuli zituen, Pio Baroja, Bocaccio edo Simon Bolivarren lanak ahaztu gabe, besteak beste.

Amezaga Euzko Gogoa eta Egan aldizkarien kolaboratzaile baliotsua izan zen. Bere artikuluak ipuina, narrazioa, saiakera eta poesia bezalako gaiei buruzkoak izan ohi ziren. Gaztelaniaz hiru liburu argitaratu zituen Edgar Pardo Stolk doktoreagaz elkarlanean: Jesús Muñoz Tébar (Caracas, 1959), Hombres célebres de la Compañía Guipuzcoana (Caracas, 1966) eta El Hombre Vasco (Buenos Aires, 1968).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun