Eskarne Unanue Itxas Argiako presidenteak HIRUKAri adierazi dio uztailaren 23an hauteskunde orokorrak eta Paellen Eguna bateratzea ezinezkoa zela. Azaldu duenez, alde batetik, Udalak jakinarazi die egun horretan ezin izango lukeela parte-hartzaileen segurtasuna bermatu, eta, bestetik, "hauteskundeetako mahaietan lanean ariko diren hainbat pertsonentzako faena bat izango litzatekeelako".
EGUNERAKETA! / ¡ACTUALIZACIÓN!#ItxasArgia #Getxo #Paellak #Paellak2023 pic.twitter.com/2F8kdygoc8
— GETXOKO ITXAS ARGIA (@itxasargiagetxo) June 1, 2023
"Berez, Paellen Eguna uztailaren 25a da, beraz, bere data originalera bueltatuko gara", azpimarratu du Unanuek. Hala ere, aurtengo hitzordua hauteskunde orokorrakaz kointziditzen zuenez, beste data batzuk aztertu dituzte, hala nola aurreko aste-akabua, "baina hauteskunde-kanpainan egitea ez litzateke aproposena". Itxas Argiakoak kontatu duenez, egunotan telefonoa sutan eduki du, jendea larrituta egon baita galdezka ea Paellen Eguna noiz edo nola ospatuko zuten.
Era beran, ospakizunaren hurrengo egunean parte hartzaileei egitura guztiak desmuntatzeko eta garbitzen laguntzeko deia egin die presidenteak: "Hurrengo eguna izango da arazoa, laneguna delako eta guk desmuntatu beharko dugulako guztia". Halaber, aurreratu du data heldu ahala egutegia argitaratuko dutela zeregin guztiak banatzeko.