Zinegoak gaylesbotrans zinema jaialdia Getxora iritsiko da ekainaren 16an

Iker Rincon Moreno 2023ko eka. 2a, 18:09

© ZINEGOAK

Urtero legez, Zinegoak gaylesbotrans Nazioarteko Zine eta Arte Eszenikoen Jaialdiak Getxon ere egingo du geldialdia eta, aurten, proiekzioez gain, bestelako hainbat jarduera hartuko ditu udalerriak datorren ekainaren 16tik aurrera.

Zinegoak gaylesbotrans zinema jaialdiaren 20. edizio honetako egitaraua datorren ostiralean, hilak 16, hasiko da Getxon, Raúl Barreraren Arnasa euskarazko film laburraren proiekzioagaz. Egun berean, sexologia eta genero berdintasuneko profesionalen eskutik, “Guztiok” tailerra egingo dute Itzubaltzeta/Romoko Gaztelekuan. Horrez gain, Getxo Elkartegian (Areeta), Munduko familiarik onenak izeneko ipuin kontaketa eta euskarazko musika saioa ere egongo dela aurreikusi dute arduradunek. Proiekzioa eta tailerra 11 eta 17 urte bitarteko gazteentzat izango dira, eta aldez aurretik izena eman beharko da 635 706 526 telefonora deituta; ipuin-kontalaria, aldiz, 5 eta 11 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, eta 688 812 886 telefonoan izena eman beharko da. Bi ekitaldiak 18:00etan eta euskaraz izango dira.

Proiekzio eta tailer bera egingo dute hurrengo astean, barikuan ere, hilaren 23an, ordu berean eta euskaraz ere, oraingo honetan Algortako Gaztelekuan (izen-emateak 688 840 356 telefonoan). Gainera, 19:00etan, Romo Kultur Etxeak Sébastien Lifshitzen Casa Susanna dokumentala hartuko du, ingelesezko jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluakaz.

Jarduerek aurrera egingo dute domekan, hilak 25, Ines Bermejo eta Julen Nafarrete getxoztarren "Gu ere bagara" proiektua oinarri hartuta Gure Garaian antzerki lanagaz, RKEn, 18:30ean, euskaraz eta gaztelaniaz, amamen eta aititeen istorioak ikusarazteko asmoz, homosexuala, bisexuala, transexuala…izatea legez kanpokoa zen garai batean.

Ekitaldien egitaraua Susy Shocken tailer, hitzaldi eta saio musikal batek itxiko du, irailaren 13an, eguaztena, 19:00etan, Romo Kultur Etxean. Susy Shockek "trans sudaka" artista gisa definitzen du bere burua, idazlea, poeta, kantaria, aktorea eta irakaslea da, Argentinan eta Latinoamerikan erreferentzia da bere “artibismo”agatik. Ibilbide luzea du, 40 urte agertokietan, eta sei liburu eta bi disko musikal argitaratu ditu modu independentean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun