Abrako zeharkaldi klasikoa 1934an egin zuten lehenengo aldiz, Getxoko kostaldean. Hala, ur irekien probarik zaharrena da Bizkaian, eta, orain, formatu berria eta izaera solidarioa hartu du.
Arriluze Txallenge zeharkaldiak 3.000 metro inguruko proba bakarra izango du, Getxoko Kirol Portuan dagoen Arriluze itsasargia eta Ereaga hondartzaren ezkerraldeko izkina banatzen dituena. Proba ekainaren 24an izango da, eta 17:00etan hasiko da; guztira, aurreikusi dute 400 igerilari inguruk izena ematea. "Horrek, erreferente bihurtuko du, lehenengo ediziotik, euskal kostaldeko ur irekien panoraman", azaldu dute antolatzaileek.
Gainera, proba %100 solidarioa izango da, eta bildutako diru guztia zuzenean bideratuko da Leukodistrofien aurkako Europako elkartera. Hori gutxi balitz, gaixotasun hori duen gaixo bat da probaren antolatzaile eta parte-hartzailetako bat.
Probarako izen-ematea arriluzetxallenge.es ekitaldiaren web-orritik egin beharko da. Bertan, “0 txanoa” izeneko atal bat dago, proban parte hartu ezin duten pertsona guztiek ekimen solidarioagaz kolaboratu ahal izan dezaten.