Umeentzako 18 ekintza eta ikuskizun hartuko ditu aste-akabuan Algortako erdiguneak

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 10:09
Askotariko ikuskizunak egongo dira gozagai egunotan Algortan. © GETXOKO KULTUR ETXEA

Algortak hartuko du aste-akabu honetan TxikiFesten lekukoa. Gaurtik, barikutik, domekara bitartean, haurrentzako eta familientzako programazioa izango da protagonista nagusia aire zabaleko jaialdi honetan. Ekitaldiak doakoak izango dira, eta hainbat diziplinatako arte eszenikoak ikusi ahal izango dira. Gainera, parte hartzeko aukera eskainiko duten jarduerak egongo dira, hala nola arte plastikoen, bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren tailerrak, gymkhanak, jolasguneak eta irakurketarako animazio-guneak.

TxikiFesten bigarren aste-akabua leku irisgarrietan egingo da, hala nola San Nikolas, Telletxe eta Biotz Alai plazetan, bai eta auzoko erdiguneko kaleetan ere. Programazioa gaur, ekainak 9, hasiko da, Eidabe konpainiaren Gora Bihotzak antzerki ikuskizunagaz (19:00, Biotz Alai plaza), eta 20:30ean, bigarren muntaia bat izango da da: Herencia, hain zuzen ere. La Industrial Teatreraren clown ikuskizun horretan, zaborrontzi batean bizi diren bi pertsonaiek datozen belaunaldiei utziko dieten munduari buruz hausnartzen lagunduko dute.

Hurrengo egunean, hilak 10, zapatuan, mekanika klasikoaren sekretuak izango dira nagusi Alauda Teatroren Ingenii Machina instalazio parte-hartzailearen eskutik (11: 30-14:30; Tellexe plaza). Gorputzaren mugimendua eta oreka eragiten duten indarrak eta makinak asmatu, eraiki eta maneiatzeko teknikak erakutsi gura ditu jarduera horrek. Horrez gain, Baserriko Porrusalda (12:00; San Nikolas plaza) eta Piraten istorio bat (19:00; Telletxe plaza) bezalako antzezlanak eskainiko dira. Iluntzean, Vaivén Circo andaluziar konpainiak Anónima aurkeztuko du, zirkuko koreografia ikuskizun berria, barrea, presa, enpatia, mina, beldurra eta itxaropena bezalako kontzeptuak jorratzen dituen lana. Zapatuko proposamena Algortako kaleak argiz eta musikaz beteko dituzten txotxongilo erraldoiakaz amaituko da: Giant Lumen kalejira ibiltaria (21:30, Telletxe kaletik Tellagorri plazara).

Domekan, TxikiFesten azken egunean, jendeak garbigailu erraldoi bat prestatu ahal izango du Eidaberen Garbi Jai antzezlan dibertigarriaren eskutik (11:30; San Nikolas plaza). Gainera, Agurra dantza taldeko erraldoi eta buruhandiek, 12:30etatik aurrera, Algortako kaleak zeharkatuko dituzte San Nikolas plazatik Telletxe plazaraino. 13:30ean, Telletxe plazan, Lilura Abesbatza Getxoko haur abesbatzaren emanaldia izango da. Arratsaldean, jaialdia amaitzeko, Menina (19:00, Telletxe plaza) ikuskizun familiarraren poesia ibiltaria eta OrainBi konpainiaren pertxa akrobatikoa (20:00, San Nikolas plaza) izango dira.

Parte-hartzea bultzatzeko ekintzak

Gainera, egunero, 17:00etatik 19:00etara, umeen partaidetza bultzatzeko zenbait ekintza izango dira Biotz Alai plazan. 0 eta 3 urte bitarteko jendeak ludoteka bat izango du asteburu osoan Areetako Xake plazan. Era berean, 3 urtetik gorako umeentzako irakurketa-gune familiar bat egongo da, eta parte hartzeko gune honetan ere askotariko tailerrak egingo dira. Hilaren 9an, arte plastikoei buruzko horma-tailerra egingo da, eta hilaren 10ean, zapatuan, bertsolaritza tailerra. Azkenik, domekan, hilak 11, gorputz adierazpenari eskainiko zaio tailerra. Gainera, hilaren 10ean eta 11n, Utopianek gymkhana dibertigarri bat proposatuko du, non, Botas izenburupean, txikiek eta helduek Ramiro Pinillaren Aquella edad inolvidable eleberriko pertsonaia ospetsua aurkitu beharko duten. Jarduera 10:45, 12:00 eta 13:15 saioetan izango da, San Nikolas plazatik abiatuta, eta parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da esteka honen bidez: www.getxo.eus/botas.

Programazioari buruzko informazioa www.getxo.eus/txikifest webgunean kontsulta daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun