Arkeologiari lotutako askotariko jarduerak hartuko dituzte aste-akabuan Begoñako galeriek

Erredakzioa 2023ko eka. 13a, 11:43
Begoñako Galerien gaineko aldean dagoen aztarnategia. © GETXOKO UDALA

Getxoko Begoñako Galerietan hainbat jarduera egingo dituzte aste-akabu honetan, Arkeologiari buruzko Europako Jardunaldien barruan. Europako Kontseilutik abiatzen da ekitaldi hori, eta nazioarteko programazioa du, 46 herrialdetatik etorritako proiektuakaz ondua. Hala, besteak beste, historian murgiltzeko bisita arkeologikoak eta familientzako bisitak egingo dituzte barikutik domekara bitartean, besteak beste.

Jardunaldietako bost euskal proiektuetako bat den Begoñako Galerien parte-hartzeak arkeologiaren inguruko bere planteamendu dibulgatzaile eta parte-hartzaileari erantzuten dio, eta proiektu hori nazioartean ezagutaraziko du. Jardunaldien nazioarteko zuzendaritza Frantziako Ikerketa Arkeologikoen Institutu Nazionalari dagokio, eta Espainiako Kultura eta Kirol Ministerioaren laguntza du Estatuan garatutako jarduerei dagokienez.

Galeriek jendearentzat zabalik dagoen jarduera-programa bat hartuko dute. Bertan, kokagunean garrantzi historiko handiena duten lekuetara bisitak ("Historian sartu"), joko-bisitak eta abentura proba eta erronkakaz ("Abentura familian") eta Begoña Galerietako sare sozial berrien aurkezpena proposatzen dira. Horiek gura dutenek beren historiari buruz egiten dituzten galdera guztiei irekiko zaizkie (info@puntabegonagetxo.eus). Galdera horien artean bitxienak, interesgarrienak eta sortzaileenak aukeratuko dira, proiektuaren ardura duen taldeak irekian erantzun diezaien.

Arkeologia eta geologia

Begoñako Galerien ingurua duela milaka urtetik izan da toki berezia. Bere itsaslabarrek gertaera geologiko gogoangarrien aztarnak erakusten dituzte. Aztarnategi neolitokoak duela 5.000 urteko aire zabaleko lehen kokalekuen gakoak erakusten ditu. Mende batzuk lehenago defentsa-gotorlekua izan zen, izurriteen garaiko lazaretoa (eritasun kutsagarriak tratatzeko ospitale isolatua), belvedere (behatoki) aristokratikoa, ospitale militarra, babesleku antiaereoa, tropa italiarren kuartela eta, beti, Abraren eta gure historiaren bilakaera markatu duen itsasadarraren jagole eta lekukoa.

Horregatik guztiagatik, "Estatuan aurki daitekeen kapsula historiko interesgarrienetako bat" dela uste izan dute adituek, hala nola Xurxo Ayan arkeologo eta dibulgatzailea.

Haien gakoak eta sekretuak modu atsegin eta parte-hartzailean helaraziko dira Jardunaldietan. Halaber, hautatutako gainerako proiektuekin mahai-inguru bat egingo da, eta prozesua erakutsiko da udako hilabeteetan Bilboko Arkeologi Museoan, erakunde horrek antolatutako jardueren barruan.

Egitaraua

"Historian sartu" bisita arkeologikoak

  • Barikua, ekainak 16, 18:00etatik 19:00etara (euskaraz).
  • Zapatua, ekainak 17, 12:00etatik 13:00etara (gaztelaniaz).
  • Domeka, ekainak 18, 12:00etatik 13:00etara (gaztelaniaz).

Prezioa: 2 euro 10 urtetik gorakoentzat (adingabeak, heldu batek lagunduta).

"Abentura familian" bisita gaztea

  • Zapatua, ekainak 17, 10:45etik 11:45era (euskaraz).
  • Domeka, ekainak 18, 10:45etik 11:45era (gaztelaniaz).

Prezioa: 3 €/pertsonako. 6 eta 12 urte bitarteko gazteei bereziki zuzendutako jarduera.

"Punta Begoña, endredatu zaitez historian"

Jardunaldietan zehar, info@puntabegonagetxo.eus helbidean jasotako galdera bitxi, interesgarri eta sortzaileenei erantzungo zaie (kontzeptuan honako hau adierazi: Punta Begoña, enrédate en la historia).

Arkeologiari buruzko informazio gehiago

Begoñako aztarnategi neolitikoan oso elementu bereziak daude, hala nola bizitegi-egiturak eta ekoizpen-jarduerak. Bestalde, jarduera dinamiko eta komertzial harrigarria erakusten du gaur egungo denboratik ia 5.000 urtera dagoen garai baterako. Inguruan dagoen flyschari dagozkion silex-zatiak identifikatu dira, baina baita urrunagoko eremuetakoak ere, hala nola Trebiñukoak, harrizko ezaugarri baliotsuak dituelako.

"Horrek erakusten du garai hartako bizimoduen eta gizarte-harremanen jarduera eta mugikortasuna oso adierazgarriak direla", ondorioztatu du bertako ikerketa-taldeak. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun