Lehenengo jarduera Pikara Magazine aldizkari feministaren bultzatzailea den June Fernandez kazetariak eta Amaia Alvarez Euskal Filologian lizentziatu eta Literaturan doktoreak idatzitako Mariokerrak liburuaren aurkezpena eta solasaldia izango da, ekainaren 29an, eguenean, 18:30ean, Romo Kultur Etxean. Euskaraz izango den aurkezpena June Fernandezek berak eta Izaskun Aranbarrik, Berdindu zerbitzuko kidea eta liburuan elkarrizketatutako emakumeetako batek, egingo dute. Liburuak euskararen eta lesbianen komunitatearen ardatzak nola gurutzatzen diren aztertzen du.
Bestalde, hurrengo egunean, ekainak 30, Romo Kultur Etxean "Trans legearen argiak eta itzalak" hitzaldia izango da 17:30etik aurrera, Aitzole Araneta sexologo eta aktibista trans feministaren eskutik. Ondoren, 18:30ean, trans haurtzaroa, identitatearen bilaketa, familia eta belaunaldien arteko harremanak erakusten dituen 20.000 especies de abejas filma proiektatuko dute, hainbat sari jaso dituena. Bi ekitaldiak gazteleraz izango dira.
Aurrekoetan bezala, ekainaren 28an udalerriko hainbat leku eta eraikin enblematiko kolorez argiztatuko dituzte, hala nola Areetako kaia eta Aiboa, Arene, Portu Zaharra eta Usategiko igogailuak, eta kolore anitzeko bandera ere jarriko da hainbat udal eraikinetan.