Gaur, ekainaren 28an, eman dute ezagutzera leloa eta logoa, datorren urtean Ibilaldia antolatuko duen San Nikolas ikastolako zuzendari Gaizka Arrizabalagaren eskutik, besteak beste. Azaldu duenez, lema aukeratzeko, Uribe Kostako hainbat herritan eta Txorierri eskualdearen mendebaldean erabiltzen den berba da txonbo, "uretan murgildu esan nahi duena, batez ere buruz behera". Eta, azpimarratu duenez, horixe da Ibilaldiagaz egin gura dutena, "txonbo egin, txonbo bizikidetzara, abenturara, Getxora, euskarara eta aurretik adierazitako balore ezberdinetan murgildu edo txonbo egin gura dugulako".
Edizio bakoitzean, Bizkaiko ikastola batek antolatzen du Ibilaldia, eta 2024koa Algortako San Nikolas ikastolari egokitu zaio. Zehazki, maiatzaren 26an ospatuko dute, eta, gogoratu dutenez, ez da lehenengo aldia algortarrek mota horretako jaia antolatzen dutena, aurretik 1978, 1984 eta 2002an ere zeregin horretarako ardura hartu baitzuten San Nikolaseko kideek.
Hartara, 2024ko maiatzaren 26n ospatuko dute Ibilaldia Getxon, eta familia zein lagunakaz "euskaratik eta euskaraz" ospatzeko eguna izatea gura dute antolatzaileek. "Ikastola eta euskal kultura Euskal Herriko zirrikitu guztietara zabaldu nahi dugu", azpimarratu dute antolatzaileek. Hala ere, gogoratu dute Ibilaldia ez dela egun bakarreko jaia izango, "urte osoan garatuz doan proiektua da".