Alkatearen ordainsaria 89.098 eurokoa izango da urtean; Gobernu Batzordeko zinegotziena eta talde politikoetako bozeramaileena 75.301 eurokoa, eta beste zinegotziena 59.201 eurokoa. Bi kasu horietan, % 50eko dedikazioa dutenek zifra horien erdia jasoko dute.
Azpimarratu dutenez, alkatearen eta zinegotzien ordainsariak, arduraldi esklusibokoak zein partzialekoak izan, ez dira aldatu, aurreko legegintzaldia amaitu zen zenbateko berberetan mantentzen dira; hau da, ez da inolako igoerarik izango ez zinegotzien, ez alkatearen, ez gainerako zinegotzien ordainsarietan, eta datozen lau urteetan funtzionarioen ordainsarien proportzio berean handituko dira.
Behin-behineko langileei dagokienez, Alkatetzak hiru aholkulari izango ditu, eta horietako batek % 50eko dedikazioa izango du. Talde politikoei dagokienez, EAJk hiru aholkulari izango ditu lanaldi osoan; PPk eta EH Bilduk, bi lanaldi osoan eta bat % 50ean; PSE-EEk, bat lanaldi osoan, eta Elkarrekin Podemosek, zinegotzi bategaz, ez du aholkularitzako langilerik izango. Gainera, Alkatetzak administrari bat izango du, Udaleko talde politiko guztiek bezala.
Horren aurrean, Xabier Benito, talde moreko zinegotzi bakarra, kexu agertu zen aholkularirik eta dedikazio esklusiboko bozeramailea izateko aukera ukatu izanagatik, eta gogoratu zuen 2015ean, Ciudadanosek ere zinegotzi bakarra zuenean, bozeramaile bat izan zuela % 100eko dedikazioan. Hartara, bere alderdiarekiko tratu "diskriminatzailea" deitoratu zuen.
Zuzenketak
EH Bilduk hamar bat zuzenketa aurkeztu ditu eta Elkarrekin Podemosek lau, baina ez da horietako bat ere ez onartu. Besteak beste, bi taldeek proposatu zuten alkatearen, zinegotzien eta aholkularien soldata % 20 murriztea (liberatutako zinegotziena izan ezik; EH Bilduren kasuan %15 murriztea proposatzen baitzuen); eta, horrez gain, Elkarrekin Podemosi lanaldiaren % 50ean aholkulari bat ematea eskatu zuten, “alderdi politiko bakoitzaren portzentajezko ordezkaritza kontuan hartuta dagokiona baita”. EH Bilduk, gainera, osoko bilkurak bariku arrastietara eramatea eskatu zuen, herritarren parte-hartzea sustatzeko.
Horiei guztiei erantzunez, gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) adierazi zuen ez zuela behin-behineko langileak gehitzeko asmorik, “proposamenean jasotzen diren lanpostu guztiak legezko gehienekoa baino % 30 txikiagoak direla eta banaketa aurreko hauteskundeetan lortutako botoen ehunekora egokitzen dela”.
Era berean, adierazi zuen osoko bilkurak barikuetako 16:00etara pasatzeak lana eta familia uztartzea "zailtzen" duela, batez beste bost ordu eta erdi irauten dutela kontuan hartuta. Beraz, eguenetan izaten jarraituko dute, 9:30ean, aurreko legegintzaldian bezala.