Euskarazko film laburrez gozatzeko aukera izango da gaurko gaua Getxon

Iker Rincon Moreno 2023ko uzt. 6a, 09:52

Daborduko gurean da Gaurik Laburrena ekimena; atzo, eguaztenean, gaztelerazko film laburrak proiektatu zituzten Algortako Muxikebarri Antzokian eta, gaur, hilaren 6an, euskarazkoak egongo dira gozagai, 20:00etatik aurrera. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena aldez aurretik eskuratu behar da, Romo Kultur Etxean edo Muxikebarriko leihatilan bertan.

Proiekzioak

  • NIÑA COYOTE ETA CHICO TORNADO vs. DON CONDOR ETA ÑORA ALACRAN Nitya López, 7’ 30” min
    • Kaputxadun gizon batzuek pabiloi abandonatu batean inprobisatutako eszenatoki baten aurrera eramaten dituzte hainbat taldetako musikariak. Eszenatokiaren aurrean kamera bat dago, eta haren bitartez behatzen ari den gizon batek nor biziko den edo nor hilko den erabakiko du. Euskal taldearen bideoklipa.
  • ASKO FALTA DA? Ane Cuesta, 12 min
    • Neska batek gazte talde batekin igaroko du asteburua. Gauetik goizera, dena aldatuko da.
  • VATIOS David Pérez Sañudo (2021), 14 min
    • 2020. urtea. Larrialdi egoera aukera paregabea da. Lehen aldiz, txirrindulariak badaki mugikortasun murrizketak direla eta, egun batzuetan ezin dela dopinaren kontrol sorpresarik egon.
  • HEMEN BIZI DA MAITASUNA Enara García y Ainhoa Olaso (2022), 14’ 27” min
    • Matixa, 22 urteko gaztea gurasoen etxean bizi da. Logela eta egonkortasuna hankaz gora jarrita, egoera lehertu egiten zaio. Familiatik kanpo bilatzen du babesa, lagun duen Leirek lagunduta. Amarengandik askatzeak libreago egingo duela erabakita, etxetik joateko hautua egiten du.
  • LANBROA Aitzol Saratxaga (2022), 21 min
    • Aita-alaba bakarrik bizi dira baso urrun eta aldendu batean. Bizi ere ikaratuta bizi dira, zuhaitz artetik aldiro sortzen den lanbroak erabat kaltetu eta suntsitzen baititu izaki bizidun ororen gorputz eta gogoa. Babesten saiatzen diren arren, lanbroa gero eta hurbilago dator. Aita-alaba bakarrik bizi dira baso urrun eta aldendu batean. Bizi ere ikaratuta bizi dira, zuhaitz artetik aldiro sortzen den lanbroak erabat kaltetu eta suntsitzen baititu izaki bizidun ororen gorputz eta gogoa. Babesten saiatzen diren arren, lanbroa gero eta hurbilago dator.
  • POLITA Eneko Muruzabal Elezcano (2022), 10 min
    • Etorkizun hurbilean haragia jatea debekatuta dagoela, eliteko atleta gazte batek behi-txuleta bat dastatzen du lehen aldiz entrenatzaileak prestatutako erritual klandestino batean.
  • IRRITS Maider Oleaga (2022), 15 min
    • Izaro eta Clara, 17 urteko neska nerabe bi, begirale lanetan ari dira haurrentzako udalekuetan. Egun berotsu batean, Clarak irrikaz musukatzen du laguna. Izaro, grinak itsututa, noraezean dabil gertatu zaiona kudeatu nahian, baina prest dago Clarari jarraitzeko, hark nahi duen eremura.
  • HORMAK Mikel Iralde, 14 min
    • Nerabe batek hirian zehar paseatzen igaroko du arratsaldea, gurasoei lagunekin geratu dela esan badie ere.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun