XR taldeko kideak zapatu goizaldean mobilizatu ziren Espainiako Estatu osoan, baita gure inguruan ere, eta, denera, hamar golf-zelaitan sartu ziren, besteak beste, Negurikoan. Talde batzuek, zuloak porlanez bete eta "Alerta: lehortea! Justizia klimatikoagatik itxitako golfa" irakur zitezkeen pankartak jarri zituzten. Beste batzuek, berriz, tartean Negurin sartu zirenek, hainbat barazki landatu zituzten zuloen inguruan. Hala, urak duen garrantzia azpimarratu gura izan zuten, bai eta elikagaiak ekoizteko lurzoruak duen erabilera ere.
Ekintza horren bidez, ekintzaileek gogorarazi gura izan dute golf-zelai bateko zulo bakar batek 100.000 litro ur baino gehiago behar dituela egunean inguruko soropila mantentzeko, eta adierazi zuten "arduragabekeria eta zinismoa" dela aisialdi elitista mota hori baimentzen jarraitzea lurraldea lehortzen ari den bitartean, "baita landa-munduak milioi askoko galerak izaten dituela uztetan, ur faltagatik eta klima-aldaketaren beste ondorio batzuengatik".