Larrialdi-simulakroak egin dituzte Ereagako hondartzan

Ander Zarraga 2023ko uzt. 13a, 14:56

Larrialdietan operatiboen artean koordinatzeko bi simulakroa egin dituzte Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Ekitaldian itsasoan bi pertsona erreskatatu eta hondarrean gertatutako isurketa kutsatzaile bat kontrolatu eta garbitu dute.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurune Naturala eta Nekazaritza Sailak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak simulakro bat egin dute gaur lurraldeko hondartzetako larrialdiei aurre egiteko baliabideen koordinazioa probatzeko. Ereaga hondartzan egin duten ariketan zerbitzuak koordinatzeko eta mobilizatzeko probak egin dituzte itsasoan bi pertsona erreskatatzeko eta hondarrean isurketa kutsagarri bat kontrolatu eta garbitzeko.

Aldundiko iturriek azaldu dutenez, horrelakoa izan da garatu duten ariketa:

11:30ean, SOS Deiak, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak, herritarren hainbat alerta jaso ditu, gutxienez bi tripulatzaile zituen ontzi txiki bat hondartzatik gertu hondoratzen ikusi dutelako; ontzian zeuden tripulatzaile horiek seinaleak egiten ari ziren laguntza eske. Berehala Zentroak itsasertzeko salbamendu-taktika aktibatu du, Larrialdietako Euskal Sistemako zerbitzu operatiboak mobilizatuz.

Hiru minutu geroago Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroak (Ardatz) SOS Deiak zerbitzuari jakinarazi dio Getxoko ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila batek uretan arazoak zituzten bi pertsonaren berri eman duela. Ertzaintzaren erreskate-ontzi bat toki horretara bertaratu da pertsona horiek erreskatatzeko, itsasoan sorosleek lagunduta. Ertzaintzaren ontziak pertsona horietako bat Arriluzeko pantalanera eraman du eta, aldi berean, Istripuen Prebentziorako, Sorospenerako eta Laguntzarako Foru Zerbitzuak beste pertsona erreskatatu du eta sorospen-postuan egonkortu du, ondoren osasun-zentro batera eramateko.


Gaur Ereagan egin duten simulakroetako batean isuri kutsatzaile bati ere erantzun behar izan diote. © BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Beste alde batetik, ontziko tripulatzaileei buruzko abisua jaso eta gutxira, Ereagako hondartzako gune batean gertatutako isuri kutsatzaile baten berri eman dute. Itsasoaren eta marea-eremuaren kutsadura-taktika aktibatu da, eta berehala jakinarazi zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Istripuen Prebentziorako, Sorospenerako eta Laguntzarako Zerbitzuari eta Hondartzak Garbitzeko Zerbitzuari. Zerbitzu horietako langileek isuria aurkitu dute, kutsaduragatik arriskuan dagoen eremua balizatu dute eta SOS Deiakegaz harremanetan jarri dira, gorabeheraren kokapenari, motari, neurriei eta balizko ondorioei buruzko informazioa emateko. Gero Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko teknikariak bertaratu dira isuriak erabiltzaileen bainuan eta hondartzako jolas-erabileretan izan dezakeen eragina ebaluatzeko. Garbiketa Zerbitzuak kutsadura-fokua kontrolatu, garbitu eta kaltetutako eremua tratatu du, Ingurune Naturala eta Nekazaritza Foru Sailak ezarritako ingurumen-prozedurei jarraituz.

Simulakroaren agertokia ziurtatu eta lehengoratu ondoren, SOS Deiak, Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak jarduketa amaitutzat jo du eta arrakastaz burutu dela adierazi du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun