Itzubaltzeta/Romoko hainbat bizilagunen abisua jaso ondoren, Gobela Ibaia Elkarteak eta Getxoko Auzokideok Plataformak Gobela ibaiak auzo horretan bizi duen "egoera kritikoaren" aurrean esku hartzea erabaki zuten eguaztenean. Diotenez, ibaiaren emari ekologikoaren maila oso baxua izan da egunotan, eta "hori arrisku larria da espezieentzat, babestutako espezie batzuk barne", salatu dute.
Eguaztenean dagozkion erakundeei eta larrialdi zerbitzuei 112 zenbakiaren bidez abisua eman bazieten ere, deitoratu dute agintariek egun batez atzeratu zutela edozein ekintza —udal-iturriek zehaztu dutenez, eguenean Ingurumen teknikaria bertaratu zen lekura ur emaria lehengoratuta zegoela ziurtatzeko, eta gaur, barikuan, beste langile bat ikusi ahal izan da gainezkabidean beharrean—. "Erantzun falta" horren aurrean, bizilagunek ez zuten gehiago itxaron gura izan eta euren kabuz jardutea erabaki zuten.
Hala, Gobela Ibaia Elkarteko eta Getxoko Auzokideok Plataformako hainbat kide bertaratu ziren ingurura eguaztenean, eta Valdeseko gainezkabidearen ondoren ura ibilgura eramatea eragozten zuen puntu kritikoan esku hartu zuten. Eskuz egindako ahalegin horregaz, dozenaka kilo hondar eta harri mugitu zituzten, eta, horri esker, gutxienez aldi baterako, ibaiak emari ekologiko minimoa berreskuratu ahal izan zuen.
Esku-hartze horrek ibai-ekosistema berehala arintzea ekarri bazuen ere, auzokideek nabarmendu dute behin-behineko neurria dela eta agintari eskudunek behin betiko jardun behar dutela azpimarratu dute.
Gainezkabidea berreskuratzeko lanak
Egunotan jazotakoaren jakitun, udal-iturriek zehaztu dute inguru horretan ibaian "beti" dabilela ura, "batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago". Itzubaltzeta/Romoko gainezkabidearen kasuan, lokatzak pilatzen dira eta, itsasbehera denean, ura gutxiago ibiltzen da, "ur emari oso gutxiagogaz lokatz horiek ezartzen ez diren lekuetan". Hala ere, jakinarazi dute gainezkabidearen alde biak berreskuratzeko proiektu bat egingo dutela aurten, URAgaz batera.
Agintariek egoeraren larritasunaz jabetzea eta berehala jardutea espero dute auzokideek, Gobela ibaian emari ekologiko egokia bermatzeko. Atzo jakinarazi zutenez, URAren komunikazio-arduradunaren mezua jaso zuten jakinarazteko ibilguen mantenurako arduraduna jakinaren gainean jarri zutela.