Enarak, enara azpizuriak eta sorbeltz arruntak intsektuen bila oso azkar hegan egiten duten txori txikiak dira. Negua Afrikan igarotzen duten hegazti migratzaileak dira, eta urtero leku berberera itzultzen dira ugaltzera. Gainera, eltxoen harrapari jatorrak dira, eta giza hurbiltasuna aukeratzen dute ugaltzeko.
Ingurumen Zerbitzuko zinegotzi Iñigo Urkitzak adierazi duenez, espezie horien inguruko informazio gehiago jakin gura du Udalak: "Espezie horiek Getxon ugaltzeko aukeratzen dituzten lekuak ezagutu nahi ditugu, babestu eta kontserbatu ahal izateko. Ugaltze-aldian gaude bete-betean, eta, beraz, hori da detektatzeko unerik onena, habiara maiz joaten baitira beren txitak gizentzera. Laster Afrikako negualdiko guneetara itzuliko dira".
Hiru espezie ohikoenak dira Getxoko udalerrian. Enarak (Hirundo rustica) atzealdea beltza du, bular zuria, eztarria eta kopeta gorriak eta isats nabarmen luzea. Habiak landa-eremuetan, baserri-atarietan, ukuiluetan, altilloetan eta abarretan jartzen ditu. Habiek terraza bat gogorarazten dute, goian itxita ez daudelako, enara azpizurienenak bezala. Aire-eremu baxuago okupatzen du, enara azpizuriek eta sorburu arruntek baino.
Enara azpizuri (Delichon urbicum) aurretik aipatutako enara baino pixka bat txikiagoa eta trinkoagoa da, eta, batez ere, bereizten da buztanaren gaineko bizkarraldea zuri duelako. Atzealdearen gainerakoa iluna da eta ez du gorririk eztarrian. Habiak eraikinen fatxadei atxikita jartzen ditu, eta, askotan, hainbat bikoteren koloniak sortzen ditu. Habiak sabaira itsasten dituzte sarrerako zulo bat utziz.
Sorburu arrunta (Apus apus) hiruetatik handiena da, eta, gainera, kolore beltz osokoa da, eztarri zuria izan ezik. Hegaldi bizkorrago du, eta jazarpen frenetiko eta zaratatsuak ditu ezaugarri. Hirietan, pitzadurak eta zuloak aukeratzen ditu habiak egiteko, baita teilatu batzuetako teilak ere.
Espezie hauen habia edo koloniaren bat ezagutu edo ikusten dutenek Udaleko Ingurumen Zerbitzuari jakinarazi diezaiokete bi helbide hauen bidez: ingurumena@getxo.eus eta/edo boluenatura@gmail.com . Kokalekua aurkitzeko, habia aurkitu den kalea eta zenbakia edo blokea erabil daitezke. Ondoren, teknikariek egiaztatuko dituzte datuak, eta GIS geruza bat sortuko da (datu geografikoen bildumak), aurten eta hurrengo urteetan lortzen diren emaitzakaz.