Biotz Alai abesbatzak herritarren laguntza ekonomikoa eskatu du egoitza berria egokitu ahal izateko

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 4a, 10:26

Biotz Alai abesbatza, artxiboko irudian.

Algortako Biotz Alai abesbatzak crowfounding kanpaina bat abiatu du lokal berria egokitzeko. Diotenez, 55 urtez erabilitako egoitza utzi behar izan dute, bertan egoteko alokairu-kontratua ez berriztu ondoren. Daborduko leku berria topatu dute, Telletxe kalean, eta, azaldu dutenez, 180 metro koadro ditu, kantu eta musika klaseak emateko, besteak beste. Hala ere, laguntza eskatu dute egoitza berri hori araudira egokitu eta zarata ekiditeko sistemak ezartzeko.

Biotz Alai abesbatza duela 57 urte sortu zen eta, kideek gogoratu dutenez, garai haietan ere egoera zailak bizi izan zituzten, entsaialekurik eta ekintzak antolatzeko baliabide ekonomikorik gabe. "Baina ilusioa, konstantzia, laguntasuna, kidetasuna eta edozer gauza eraikitzeko beharrezkoak diren osagai guztiak genituen, eta egin genuen; behe-ahotsak dituen abesbatza handia sortu genuen: Biotz Alai", azaldu dute.

Mende erdi beranduago, lehengo kantari haien oinordekoak direnek azpimarratu dute ardura dutela bide bera jarraitzeko, eta gogora ekarri dituzte aitzindariak izan ziren kide batzuk, hala nola Juango Gainza –lehenengo zuzendaria–, Mario Porset, Ariñotarrak, Zubizarretarrak, Lacatarrak, Solaundarrak, "eta bertan gauden lekuan egotea ahalbidetu duten beste horrenbeste".

Azaldu dutenaren arabera, uztailaren erdialdean lokalez aldatzeko beharretan hasi dira, lehengo egoitzatik Telletxe kalekora. "Etapa berri bat hasi dugu: lehenengoa, eraikuntzakoa, hormak botatzeko, lurrak eraikitzekoa; eta bigarrena: ilusiozkoa, eserlekuak eraikitzekoa, hormak jartzekoa, margotzekoa...".

Lokal berriak. © BIOTZ ALAI ABESBATZA

Iragarri dutenez, lokal berrian kantu eta musika eskolak emango dituzte, eta, gainera, abestiak sortzeko, artxiboak gordetzeko eta entseatzeko lekua ahalbidetuko du tokiak. Horretarako, baina, lau lonja egokitu beharko dituzte, laurak batuta 180 metro koadroko egoitza izanik. Hori dela eta, gaur egungo araudira egokitzeko "kostu gehigarri bat" izango dute: "Horrek guztiak inbertsio oso garrantzitsua egitera eta modu esanguratsuan zorpetzera eramango gaitu, baina koralista guztien ahaleginagaz (hileko kuota bikoiztu dugu), abesbatzak zituen aurrezki gutxi batzugaz (erosteko seinalea emateko balio izan digu), Getxoko Udalaren eta, oro har, herriaren babesagaz, lokal ezin hobeak izateko gai izango gara gure koru-jarduera garatzen jarraitu ahal izateko".

Alabaina, dirua behar dutela azpimarratu dute, "abesbatza gisa dirua batzeko ahalmen oso gutxikoa garelako. Finantzazioa kideen eta bazkide apur batzuen bitartez lortzen dugu". Izan ere, egiten dituzten emanaldi gehienak doakoak zirela azaldu dute, hala nola Agate Deunan, San Lorentzon eta San Inazio Egunean. Diote harrotzeko modukoa dela hori, eta halaxe jarraituko dutela, haien konpromisoa delako herriarekiko. Hala ere, orain, herritar denen laguntza eskatu dute eta, horretarako, crowfounding kanpaina bat abiatu dute online, Goteo.org plataformaren bitartez.

Ildo horretan, abesbatzako kideek nabarmendu dute lokal berriak Biotz Alai abesbatzarenak izango direla, "inoiz ez kideenak". Hala, edozein unetan abesbatza desagertuko balitz, lokalak jabetza publikokoak, "Getxoko udalerriarenak", izango liratekeela azpimarratu dute, "edozein ekintza kultural garatzeko bertan".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun