Getxoko EH Bilduk "EAJ-PSE-PP ituna" salatu du bere taldea Bizkaiko Ur Partzuergotik kanpo uzteko

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 4a, 13:13

Getxoko Udalbatza berria, artxiboko irudian.

Getxoko EH Bilduk deitoratu du Udalak baztertu egin duela bere taldea Bizkaiko Ur Partzuergoan izango duen ordezkaritzan. Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, Getxok hiru ordezkari ditu erakunde horretan eta, udal-hauteskundeetako emaitzak kontutan hartuta, eurei egokituko litzaieke hirugarren ordezkaria, EAJren eta PPren atzetik. "Hala ere, udal-gobernuak (EAJ-PSE) proposatu du EH Bildu baztertzea eta, horren ordez, PSE-EEkoa izatea", salatu dute abertzaleek.

Uztaileko ohiko osoko bilkuran bozkatu dute Getxoko Udalak Bizkaiko Ur Partzuergoan izango duen ordezkaritza. Getxok hiru ordezkari ditu erakunde horretan, eta udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta (EAJk 9, PPk 6, EH Bilduk 6, PSE-EEk 3 eta Elkarrekin Podemosek 1), koalizio abertzaleak azpimarratu du ordezkaritza honakoa izan beharko litzatekeela: "EAJk 1, PPk 1 eta EH Bilduk 1".

Hauteskundeen emaitzak horiek izan ziren arren, EH Bilduk jakinarazi du gobernu-taldeak proposatu zuela bere taldea baztertzea eta hirugarren ordezkaria PSE-EEkoa izatea. "EH Bilduk 7.590 boto lortu zituen aurreko udal-hauteskundeetan, eta PSE-EEk 3.887", azpimarratu dute koalizioko kideek.

EH Bilduko bozeramaile Mikel Bildosolak salatu duenez, "gobernu-taldea ez da herriaren borondatea errespetatzen ari. EAJk eta PSEk ez dute jada gehiengo osorik Getxoko Udalean, eta EH Bildu ahalik eta erakunde gehienetatik kanpo uzteko helburuari eusten diote, PPren laguntzarekin noski. Dirudienez, ez da ezer aldatu EAJren jarrera autoritarioan; bitartean, PSEk jarraitzen du Udaletik ahalik eta baliabide handiena ateratzen saiatzen, horretarako getxoztarrek hautetsontzietan adierazitako borondatearen aurka egin behar bada ere".

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun