Guztira, 15 saio izango dira aurtengo Getxo Folk jaialdian. Azken edizioetan bezala, Muxikebarri izango da ordainpeko kontzertuen agertokia (20:00etan), eta horiei doako sarrera eskaintza bikaina gehitu behar zaie. Hala, jaialdia Areetara itzuliko da, Areetako Xake plazan egingo den aire zabaleko programazioagaz. Bertan, askotariko taldeek eta artistek joko dute ordutegi ezberdinetan (13:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 21:00etan), musika familia, belaunaldi anitzeko publikoa eta gazteei hurbiltzeko helburuagaz. Bertan, gainera, dantza eta bertsolaritza elkartzen dituen ikuskizun bat ere egingo da, baita familiari eskainitako musika instalazioa ere.
Horrez gain, Ereaga hondartzako aparkalekuan (22:00etan) egingo diren bi emanaldiak ere doakoak izango dira, musika-eszenako bi talde ezagunen eskutik: Mago de Oz eta La Pegatina. Barikuan, hilak 15, Mago de Oz taldeak sail hori estreinatuko du. Taldea 1988an hasi zen musika eszenan eta, La leyenda de La Mancha bere lan ospetsua argitaratu zenetik, nazioartean bira eman du etengabe, besteak beste, Gaia trilogia, Belfast eta La ciudad de los árboles albumetako kantuak publikoari hurbilduz. Getxora ‘Hasta que el cuerpo aguante’ izeneko 35. urteurreneko biraren barruan iritsiko dira.
Hurrengo egunean, hilak 16, zapatua, La Pegatinaren txanda izango da. Jai-mestizajeko talde ezagunenetako bat da konbo katalana, eta runba eta ska nahasten dituen musikaz gozatuko du publikoak, kementsua, dibertigarri eta dantzagarri izango den ikuskizunean. Kataluniako taldeak 1.200 kontzertu baino gehiago eman ditu 18 urteko ibilbidean, eta 35 herrialdetan baino gehiagotan jo du. Mago de Oz taldeagaz gertatzen den bezala, Getxon urteurreneko biran ere arituko dira, bi hamarkadetako ibilbidea ospatzeko.
Bestalde, ordainpeko kontzertuetan, bi derrigorrezko hitzordu dituzte soinu tradizionalak maite dituzten zaleek. Lehenengoak, inaugurazio egunean, irailaren 13an, nazioartean ospe handi lortu duen euskal musikarietako bat omenduko du: Kepa Junkera. HAUsPOZ izeneko kontzertuan, Oreka TX, Ibon Koteron, Kukai Dantza, La Cobla de San Jordi, Uxia, Budiño, Pandereteras del Barrio, Xabi Aburruzaga, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Maixa Lizarribar bezalako artista eta taldeak batuko dira Muxikebarriko agertokian, artista bilbotarraren musika ospatzea helburu duen ikuskizun batean. Bertan Kepa Junkerak Getxo Folkagaz duen harreman estua ere nabarmenduko da, izan ere, bere proiektu ospetsuenetako asko jaialdian abiatu ziren.
Irailaren 15ean, barikuan, aurtengo jaialdiko beste saio nagusietako bat izango da Heviaren eskutik, nazioartean ezaguna den artista asturiarra eta gaitaren maisua dena. Oraingo honetan, Al son del indianu bere azken lanaren kantuak ekarriko ditu Getxora. Disko horren bitartez, mende batez Ameriketara emigratu zuen asturiarren exodoa omendu gura ditu, horrek bere jaioterriko oroimenean leku nabarmena du eta.