Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gertakariak joan den zapatuko 03:45ak aldera jazo ziren. Portu Zaharreko jai-ingurunean delinkuentzia prebenitzeko dispositibo berezia osatzen zuten Ertzaintzako agenteak hiru gazteren portaera "susmagarriaz" ohartu ziren. Halaber, Algortako metroaren inguruan arazoak sortu zituzten hiru gizonen deskribapenagaz bat zetorren euren itxura fisikoa.
Ertzaintzaren agenteen esanetan, gazteek ertzainak ikustean pausoa bizkortzen hasi ziren leku horretatik alde egiteko. Gainera, batek hainbat objektu lurrera bota zituen. Operatiboaren baliabideek egiaztatu dutenez, abandonatutako objektuak bi telefono mugikor ziren, eta, beraz, hiru gazteak geldiarazi zituzten, haiek identifikatzeko.
Ertzainek lapurtutako hirugarren mugikor bat ere aurkitu zuten bi telefonoak lurrera bota zituen gizonaren arropen artean. Ustezko ebasketa-delitu bat egotzita atxilotu zuten gizona, eta ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko eginbideei ekiteko.