Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Hevia, Mago de Oz eta La Pegatina izango dira protagonista aurtengo Getxo Folk Jaialdian

Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 12:15

Getxoko Nazioarteko Folk Jaialdia irailaren 13tik 17ra itzuliko da udalerrira, "inoiz baino programa zabalagoarekin", antolatzaileek iragarri dutenez. Aurtengo eskaintzako izen nagusien artean nabarmendu behar dira Hevia musikari asturiarra eta La Pegatina eta Mago de Oz bandak, Kepa Junkeraren omenezko kontzertua ahaztu gabe. Saio horretan Getxoko jaialdiagaz lotura estua izan duen soinujole bilbotar ospetsuaren irudia publikoari hurbilduko dio talde artistiko handi batek.

Guztira, 15 saio izango dira Getxo Folk jaialdian aurten. Azken edizioetan bezala, Muxikebarri Antzokia izango da ordainpeko kontzertuen agertokia, 20:00etatik aurrera, eta horiei doako eskaintza gehituko zaie. Hala, jaialdia Areetara itzuliko da, Areetako Xake plaza berrituan egingo den aire zabaleko programazioagaz. Bertan, askotariko taldeek eta artistek joko dute ordutegi ezberdinetan –13:00, 17:00, 18:00 eta 21:00–, musika familia, belaunaldi anitzeko publikoa eta gazteei hurbiltzeko asmoz. Bertan, gainera, dantza eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizun bat ere egongo da, baita familiari eskainitako musika instalazioa ere.

Horrez gain, Ereaga hondartzako aparkalekuan bi emanaldi izango dira, doan, irailaren 15ean, barikuan, eta irailaren 16an, zapatuan, 22:00etatik aurrera. Lehenengo egunean Mago de Oz folk-metal talde madrildar beteranoak estreinatuko du agertokia; hurrengo egunean, aldiz, La Pegatina talde katalanaren txanda izango da, runba eta ska doinuak nahastuta.

Bestalde, ordainpeko kontzertuetan, bi derrigorrezko hitzordu izango dituzte soinu tradizionalak maite dituzten zaleek. Lehenengoak, inaugurazio egunean, irailaren 13an, nazioartean ospe handia lortu duen euskal musikarietako bat omenduko du: Kepa Junkera. HAUsPOZ izeneko kontzertuan, Oreka TX, Ibon Koteron, Kukai Dantza, La Cobla de San Jordi, Uxia, Budiño, Pandereteras del Barrio, Xabi Aburruzaga, Agurtzane eta Ion Elustondo eta Maixa Lizarribar bezalako artista eta taldeak batuko dira Muxikebarriko agertokian, artista bilbotarraren musika ospatzea helburu duen ikuskizun batean. Bertan Kepa Junkerak Getxo Folkarekin duen harreman estua ere nabarmenduko da, izan ere, bere proiektu ospetsuenetako asko jaialdian abiatu ziren.

Irailaren 15ean, barikuan, aurtengo jaialdiko beste saio nagusietako bat izango da Heviaren eskutik, nazioartean ezaguna den artista asturiar eta gaitaren maisua dena. Oraingo honetan, Al son del indianu bere azken lanaren kantuak ekarriko ditu Getxora. Disko horren bitartez, mende batez Ameriketara emigratu zuen asturiarren exodoa omendu nahi ditu asturiarrak, horrek bere jaioterriko oroimenean leku nabarmena du eta.

Sarrerak salgai

Daborduko sarrerak eta abonamenduak salgai daude Kultur Etxeko ohiko saltokietan (Muxikebarri eta Romo Kultur Etxea), baita Kutxabanken sarearen bidez ere.

Egitaraua:

Irailak 13, eguaztena

  • 20:00 HAUsPOZ, Kepa Junkeraren omenezko kontzertua, Muxikebarrin. Sarrera, 24 euro.

Irailak 14, eguena

  • 20:00 Valérie Ekoumé, Muxikebarrin. Sarrera 20 euro.

Irailak 15, barikua

  • 13:00 Moonshine Wagon, Xake plazan, doan.
  • 17:00 Odaiko, Xake plazan. Doan.
  • 20:00 Hevia, Muxikebarrin. Sarrera, 20 euro.
  • 21:00 Ars Amandi, Xake plazan. Doan.
  • 22:00 Mago de Oz, Ereagako aparkalekuan. Doan.

Irailak 16, zapatua

  • 10:00-14:00 eta 16:00-20:00 Orquestronia, Xake plazan.
  • 13:00 Berriketan: Arima, Xake plazan. Doan.
  • 18:00 Baskery, Xake plazan. Doan.
  • 20:00 Las Migas, Muxikebarrin. Sarrera, 15 euro.
  • 21:00 Faltriqueira, Xake plazan. Doan.
  • 22:00 La Pegatina, Ereagako aparkalekuan. Doan.

Irailak 17, domeka

  • 10:00-14:00 Orquestronia, Xake plazan.
  • 13:00 SES, Xake plazan. Doan.
  • 17:00 Labarretan, Zelako kultur ideiak. Xake plazan.
  • 18:00 La Karanba, Xake plazan. Doan.
  • 20:00 Silvia Peres, Muxikebarrin. Sarrera, 20 euro.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun