Euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea helburu duen "eMcumeak" proiektua hautatu dute Getxoko Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizioan

Iker Rincon Moreno 2023ko abu. 29a, 12:37

Juana Bizkarra Egonaldi Artistikoaren hirugarren edizioko epaimahaiak eMcumeak proiektua hautatu du ekimenaren 3. edizioan. Zelako Kultur Ideiak-en euskarazko antzezlan honek euskal emakume sortzaileen errealitatea erakustea du helburu eta, horretarako, umorea, hitz-jokoen erabilera eta askotariko diziplina artistikoak erabiltzen ditu. Proiektua abian jartzeko egonaldia irailaren 4tik urriaren 1era bitartean izango da, Getxoko Muxikebarri Antzokian. Bertan ere, irailaren 30ean eta urriaren 1ean aurkeztuko dute publikoki antzezlana, eta irailaren 29an, aldiz, jendaurreko entsegua egingo dute.

eMcumeak lanaren helburua da euskal emakumeen sorkuntzaren errealitatea agertokiaren erdigunean jartzea eta, aldi berean, kulturaren sektorean indarrean dagoen androzentrismoa agerian uztea, kritikari eta eztabaidari ateak irekiz eta emakumeek sortutako euskal ondare eszeniko eta kulturala transmititzen lagunduz. Horretarako, sortzaileak umore absurdoaz baliatzen dira, eta diziplina aniztasunaren aldeko apustua ere egiten dute, antzerkia, musika, bertsoak eta ikus-entzunezkoak uztartzen baitira, hitz-jokoak bezalako baliabideak ahaztu gabe. Olatz Beobide arduratzen da zuzendaritza artistikoaz eta Maria Rivero eta Itxaso Paya aktoreek antzeztuko dute lana. Halaber, sormen prozesuan, Harkaitz Cano eta Katixa Agirre egileek parte hartu dute.

Emakume sortzaileak kontratatzeko agentzia bat uztea erabakitzen duten bi emakumeren istorioa kontatzen du antzezlanak, enpresa hori emakumeen sorkuntzaren bultzadaz baino etekin ekonomikoez kezkatuago dago-eta. Hori dela eta, protagonistek euren agentzia sortuko dute, baina, lehengo enpresatik jasotzen duten jazarpenaren ondorioz, emakume ekintzaile biek komunikatu bat zabaltzea erabakiko dute, egoera salatuz; aldi berean, sortzaile berriak aurkitzeko casting bat abiaraziko dute. Beste agentziak ez du proiektu horregaz amaitzeko saiakera etengo. Horretarako, askotariko amarruak erabiliko dituzte: detektibe pribatu bat kontratatu eta castingean pertsona bat infiltratuko dute, ekimena zapuzteko trapu zikinak aurkitzeko asmotan.

Deialdiaren hirugarren edizioa

Hirugarren edizioko epaimahaiak honako hauek osatu dute: Getxoko Kultur Etxeko teknikariek, Matxalen De Pedro aktore eta Dantzertiko (Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Eskola) irakasleak eta Olatz Gorrotxategi antzerkigile eta antzerki zuzendariak. Hautatutako proposamenak 10.500 euroko diru-zuzkidura jaso du. 

eMcumeak antzezlanaren aurrestreinaldia irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango da Muxikebarrin, 19:00etan, eta irailaren 29an, gainera, entsegu irekia izango da ordu berean. Saio guztietarako gonbidapenak Muxikebarrin zein Romo Kultur Etxean jaso ahal izango dira irailaren 4tik aurrera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun