Euskalgintzaren Kontseiluak bultzatutako merchandising eta promozio-zerbitzuen enpresa da Koparia, eta lortutako irabazi guztiak euskararen normalizaziora bideratzen ditu. Hala, atzo sinatutako hitzarmenaren bultzatzaileek azpimarratu dutenez, Ibilaldiaren materialaren ekoizpena enpresa horren esku jarriaz, San Nikolas Ikastolak euskarari laguntzeko "elkarlan estrategiko berritzaile eta jasangarri bati bide eman dio". Izan ere, azaldu dute euskararen normalizazioari laguntzeaz gainera, helburua dela Ibilaldiaren produktuak "ahalik eta jasangarrienak izatea", materialei zein jatorriari dagokienez.
Beraz, elkarlan honek, harreman, bitarteko eta baliabide guztiak euskaraz izatea bermatzeaz gainera, jasangarritasunaren eta euskararen etorkizunaren bultzatzaile ere izango dela ziurtatu dute. Etorkizunean ere mota honetako ekimenak eta elkarlanak bultzatuko dira. "Euskararen alde lanean gabiltzan eragileok elkarren indarrak batuz, komunitate guztia irabazle irteten dela frogatu nahi dugu", adierazi dute Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak, Unai Arzubiaga San Nikolas Ikastolako lehendakariak eta Gaizka Arrizabalaga San Nikolas
Ikastolako zuzendariak.