Raspas arraun-taldeko lau kirolarik ordezkatuko dute Getxo Arraun Olinpikoko Munduko Txapelketan

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 1a, 11:18

Virginia Diaz, Esther Briz eta Izaskun Etxaniz, artxiboko irudian, dominak jantzita. © RASPAS

Raspas del Embarcadero arraun-elkartea taldeko Virginia Diaz, Esther Briz, Izaskun Etxaniz eta Mario Lopez arraunlariek parte hartuko dute irailaren 3tik 8ra Belgradon (Serbia) izango den Arraun Olinpikoko Munduko Txapelketan.

Esther Briz Aina Cid kataluniarragaz batera lehiatuko den lemazain gabeko biko ontzia (2-) da, a priori, modalitate horretako podiumean toki bat lortzeko aukera gehien dituena. Ezusteko larririk ezean, ia ziurtzat jotzen da modalitateko sailkapen olinpikoa lortuko duela (guztira 11 ontzi sailkatzen dira). Australiako bikotea da titulua eskuratzeko faborito nagusia.

Virginia Diaz, berriz, skiffean (1x) lehiatuko da, non faborito nagusiak Australiako eta Herbehereetako ordezkariak diren. Denborak kontuan hartuta, Virginiak brontzezko domina lortzeko aukera izan dezake, ez baitago faborito nagusiek egindako marketatik oso urrun; baina egia da 3. postutik 14.era maila oso antzekoa dela, aldeak oso txikiak baitira (3 segundokoak). Zortzi dira Olinpiar Jokoetarako sailkatuko diren ontziak eta Diazek modalitateko izen handien aurka lehiatu beharko du, apustu arriskutsua egin baitu lemazain gabeko biko ontzia utzi ondoren. "Prestaketa ona egin du Munduko Txapelketa honi begira, eta sasoi onean dago, nahiz eta zorte dosi onak ere beharko dituen lehiaketa hasten den egunean", azaldu dute Raspasekoek.

Izaskun Etxaniz izango da lemazain gabeko ontziko (4-) taldekideetako bat, eta ziurgabetasun apur bategaz ekingo diote txapelketari; izan ere, Europako Txapelketan lan polita egin ondoren, ontzia desegin zuten eta orain kide berriak ditu. Aurkari indartsuen aurka borrokatu beharko dute, zortzi txalupa ere sailkatzen diren modalitate batean. Australia, Kanada eta Britainia Handia dira dominak lortzeko faborito nagusiak, eta Italia, Frantzia edo Irlanda ere domina lortzeko lehia horretan izango dira.

Neskez gain, Mario Lopez ere Munduko Txapelketan izango da, eta arraun egokituko 4+ mistoan lehiatuko da (4Pr3 kategoria). "Lehiaketa honetan debuta egiten duen ontzia da, eta, beraz, inork ez daki zenbatgarren tokian sailka daitezkeen, nahiz eta ikasteko eta esperientziaz gozatzeko asmoz joango diren txapelketara", Itzubaltzeta/Romoko taldeko kideek diotenez. Lehiatuko diren 11 ontzietatik zortzi sailkatuko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun