Gogoratu dutenez, Getxoko waterpolo taldeak arrakasta handia izan du azken urteotan; jokalari kopuruak gora egin du eta ligetan emaitza hobeak lortu ditu, baina, taldeko kideek azaldu dutenez, Getxo Kirolak-ek iragarritako politika berri batek eztabaida sortu du jokalarien artean. Diotenez, neurria joan den martxoan ezarri gura izan zuen, baina jasotako kritiken ondorioz, neurria aldi baterako atzera bota zuen. Orain, baina, denboraldia hasteko bi aste falta direnean, "udal-erakundeak ideia berreskuratu eta ezarriko dutela ohartarazi digu", deitoratu dute taldeko kirolariek.
Jokalariak kezkatuta daude ez delako alternatiba argirik eman; "izan ere, kostu sinbolikoa izango lukeen kirolari-txartela ezarriko zutela esan zuten arduradunek iaz, baina orain esandakoa ez dator bat hasieran proposatutako horregaz". Hala, jokalariek argudiatzen dute erabaki hori “bidegabea” dela eta eragin negatiboa izan dezakeela klubaren biziraupenean eta aurrerabidean, jokalari beteranoak galtzeko arriskua ekar dezakeelako, “eta horiek funtsezkoak dira bai klubaren ikusgarritasunerako bai talentu berriak sortzeko”.
Gainera, kexu dira neurri horrek ez diela "ezertan lagunduko", kuota ordainduta ere ez dutelako leku gehiagorik izango entrenatzeko. "Igerilekuko kale bat dugu entrenatzeko, 25 pertsonako talde seniorretan bi kaleetan... hori nahiz eta inor ez egon kaleak erabiltzen edo pertsona bakarra egon igerian besteren batean", azpimarratu dute.
Neurria “diskriminatzailea” dela diote, adinaren eta bizilekuaren arabera jokalari bakoitzak kuota bat edo beste ordaindu beharko lukeelako: “Izan ere, Getxon edo udalerri horregaz hitzarmena duten udalerrietan bizi ez direnek gehiago ordaindu beharko dute”.
Ildo horretan, waterpolo taldeko jokalariek azpimarratu dute daborduko inbertsio ekonomiko handiak egiten dituztela klubean, matrikula (80 euro), hileko kuota (40 euro), azterketa medikoa (20 euro) eta fitxa-kuota (65 euro) barne. “Horri gehitu behar zaio Espainia mailako txapelketetan parte hartzen dutenen 55 euroko gastua fitxa sortzeko”, azaldu dute.