“Urtero bezala, getxoztarrak animatu gura ditugu lanean, aisialdian, sare sozialetan, egunerokoan…, euskara sustatzen duten pertsona, taldea, elkartea, saltokiaren izenak proposatzera, herriaren esker onez jaso ahal izateko”, nabarmendu du Irantzu Uriarte Euskara zinegotziak.
Hautagaiak aurkezteko fitxa posta elektronikoz jaitsi eta euskara@getxo.eus helbidera bidal daiteke, baita www.getxo.eus/euskara webgunean dagoen formularioa beteta ere. Saria Ibon Garagarza eskultore getxoztarraren lana da.
Aurreko edizioak
Lehen edizioaren sariaren irabazlea Laura Lapeyra izan zen, Juan Bautista Zabala ikastetxeko Gurasoen Elkartean euskararen erabileraren alde egindako lanagatik. Bigarrena, Bittor Egurrolarentzat izan zen, bizitza osoa hizkuntza sustatzera dedikatzeagatik; hirugarrena, San Nikolas ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean euskarazko heziketan burututako lanagatik; laugarrena, Nahikari Ayorentzat, udalerriko ikastetxeetan bertsolaritzaren alde egindako lanagatik; bosgarrena, Gobela Ikastolarentzat, bere 50. urteurrenean; seigarrena, Josu Esnaola eta Alfredo Lopez de Gereñu euskaltzaleentzat, euskararen alde egindako lana, eta bereziki udalerrian duela 20 urte baino gehiago abian jarritako Berbalaguna aitortzeko; zazpigarrena, Goñi familiarentzat, Getxogaso gasolindegian egindako lanagatik; zortzigarrena, Getxo Aixerrota Boleibol Kirol Taldeari, bere kirol jardueran euskara sustatzeagatik; bederatzigarrena, ALBErentzat 1980an sortu zenez geroztik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanagatik; hamargarrena, Maren Goienaga Madariaga, C.D. Galea Senior A taldeko entrenatzailearentzat, klubaren barruan euskara sustatzeagatik; hamaikagarrena, Victoria Bengoa, Josu Larrañaga eta Armando Llamosasentzat, toponimia ibilbideen diseinuan eta edukien lanketan egindakoagatik; hamabigarrena, Joserra Onaindiarentzat, euskaraz bizitzeko jarrera nekaezinagatik; eta iazkoa, hamahirugarrena, Geroa ikastolarentzat, bere 50 urteko ibilbideko konpromisoa eta lana aitortzeko.