Urtero bezala, 16 urtetik gorakoek eskaintza zabala izango dute udal, Lauaxeta AEK eta Jose Antonio Agirre ta Lekube euskaltegietan. Izan ere, maila guztietako aurrez aurreko ohiko ikastaroakaz batera, honako hauek ere izango dituzte: modulu txikiak, tituluak ateratzeko prestakuntza (zapatuetan ere), autoikaskuntza eta mintzatzeko klaseak. Aurrekoetan bezala, dendarientzako eta ostalarientzako ikastaroak ere izango dira, eta etorkinentzat eta seme-alabakaz euskaraz egin gura duten gurasoentzat ere.
Aurtengo berritasuna izango da C1 titulua ateratzeko ikastaroetan matrikula egiten duten 16-18 urteko ikasleek 20 euro baino ez ordaindu behar izatea. 5 eta 15 urte bitartekoek matrikula egin ahal izango dute Algortako Inguma Umeen Euskaltegian eta Areetako Euskaltegian.
Bestalde, Egizu elkarteak hainbat jarduera jarriko ditu abian, klaseetan ikasitakoa praktikan jarri ahal izateko, horien artean, Berbalaguna, euskaraz berba egiteko taldeen ekimena.
“Udalerriko euskaltegien ikastaroen mota eskaintza anitzak ahalbideratuko du abian jartzen ari den ikasturtean ikasle guztiek behar duten maila egin ahal izatea, ikasteko modalitate ugari izango baitira”, nabarmendu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.
Diru-laguntzak
Udalak euskara ikasteko diru-laguntzak ematen ditu 16 urtera artekoentzat zein 16 urtetik gorakoentzat. Azken horientzat HABEk ere ematen ditu.