Getxo "tentsio handiko gune" izendatzeko txostena egitea proposatu du EH Bilduk, alokairuaren prezioa mugatzeko

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 15a, 11:34

EH Bilduko kideak, kanpainaren aurkezpenean. © EH BILDU GETXO

Getxoko EH Bilduk kanpaina bat abiatu du udalerriko etxebizitzen "neurriz kanpoko" prezioak salatzeko. Horregaz batera, iraileko osoko bilkuran alokairuen prezioari muga jartzeko lehenengo urratsak emateko mozioa aurkeztuko duela iragarri du, "Etxebizitza Lege berrian oinarrituz".

Koalizio abertzaleak gogoratu duenez, etxebizitza da Getxok pairatzen duen arazo larrienetako bat eta getxoztarren kezka garrantzitsuenetako bat. Izan ere, azpimarratu duenez, alokairuen eta etxebizitzen salmenta prezio altuen ondorioz, getxoztar askok herria utzi behar izaten dute, "Getxon Euskal Herri osoko preziorik garestienetakoak ditugulako".

EH Bilduk etxebizitzari lotutako hainbat proposamen aurkeztu ditu azken urteotan, "gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) ez baitu etxebizitza-plan integralik bultzatu arazoari aurre egiteko". Hala, urte politiko berriari hasiera emateko, EH Bilduk iragarri du mozio bat aurkeztuko duela iraileko osoko bilkuran, Getxo "tentsio handiko gune" gisa izendatu ahal izateko azterketa bat egiteko eskatuz, Etxebizitza Lege berrian oinarrituz, eta Donostia edo Errenteria bezalako herrien urratsak jarraituz. Horrela, besteak beste, herrian alokairuaren prezioak mugatzeko urratsak has litezke", azaldu dute koalizioko kideek.

Mozioa aurkezteaz gainera, EH Bilduk kanpaina bat ere egingo du Getxoko etxebizitzaren arazoaren ondorioez ohartarazteko. Mikel Bildosola EH Bilduren bozeramaileak salatu duenez, "gazteen exodo larria bizi dugu, izan ere, herriko gazteek alde egin behar dute, etxebizitza prezio bideragarririk aurkitzen ez dutelako". Ildo horretan, Bildosolak azpimarratu du bizilagun askok soldataren % 30 baino gehiago erabili behar izaten dutela alokairua edo hipoteka ordaintzeko, "prekarietatea eta gizarte-bazterketa eraginez".

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk mozioa babesteko eta Getxon alokairuaren prezioak mugatzeko aukera errazteko deia egin die Udalean ordezkaritza duten gainerako indar politikoei: "Akordioa posible izan da Donostian, Errenterian, Eibarren eta Irunen, besteak beste. Ez litzateke ulertuko Getxon akordioa ezinezkoa izatea, bizi dugun egoeraren larritasuna kontuan hartuta ".

Era berean, Getxo "tentsio handiko gune" gisa izendatzeko azterlana eskatzeaz gainera, EH Bilduk etxebizitzari lotutako proposamen integralak egiten jarraituko duela azpimarratu du, hala nola alokairu sozialari erabateko lehentasuna ematea sustapen berri guztietan, pisu turistikoen irekiera mugatzea, etxebizitzen bereizketa eta birmoldaketa erraztea, gazteen emantzipaziorako laguntzak handitzea eta Udal Etxebizitza Bulegoa sortzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun