Uribitakora

La Galea; a ze alea

Galder Bilbao "Txapi" 2023ko ira. 21a, 14:11

Hemen duzue entzungai Galder Bilbao Txapi ALBEko bertsolariak iraileko HIRUKArako bidalitako argazkiari emandako erantzun ederra.

Doinua: Mutil koxkor bat

Ongi etorri bisitaria
Bizkaiko kostaldetik,
Galean sartu egingo gara
badago zer aipatzerik.
Paseoan gozatzeko leku
zoragarria batetik,
iraganak utzitako aztarnak
ta etorkizuna bestetik;
belar ta sasi guztien gainetik
kainoi ta harrien artetik.

Behin Galea genuen etxea
non bizitza ez zen erreza;
elikatu babestu ta bizi
lekuko itsaso turkesa,
Erdi Aroko guda aferak ta
erasotzaile ingelesa.
Kainoi ta harresi artean zeuden
soldadu herritar printzesa;
mikromundu bat berezko argiaz
gotorlekua ta babesa.

Gaur egun utzita ta ahaztuta
behin izan zena oholtza,
zertan bilakatuko den bihar
egin dezagun otoitza.
Museo eta irakas leku
ez bete betikoen poltsa,
artea historia eta kultura
interesa hirukoitza.
Klasista eskuindar gorbatena
ez dadila izan egoitza.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun