Baina begiak pixka bat atzera bueltatuz, HRUKAk, edozein proiektu helduk bezala, bere historia eta bere istorioak ditu, eta gauza batzuk, ezin bestela izan, "tokiko zaharrenok" baino ez ditugu ezagutzen.
HIRUKA baino lehenago, UK Uribe kostako aldizkaria izan zen (1999-2014), eta bien sorburu, Bizarra Lepoan Getxoko Aldizkaria (1995-1999).
Proiektu baten atzean, beti pertsonak daude. Pertsonek dute irudimena baliatzen, kemena eta ilusioak ekartzen, denbora eskaintzen, baliabideak lortzen… Pertsonak ez dira giza "baliabideak". Horra behin betiko baztertu beharko genukeen eufemismo zaharkitu eta itsusia. Pertsonak proiektuen ardatza eta arima dira.
Eta pertsonen artean, José Ignacio Berroeta giltzarri izan zen hastepenetan. José Ignacio, banku-alorrean goi mailako profesionala izateaz gainera, gizon apala, hurbila, amultsua zen, eta euskalzalea. Eta berak erabakita eskuratu genuen BBK-ren diru-laguntza mamitsu bat orduko Macintosh puntakoena erosteko beste, laser inprimagailu eta eskaner eta guzti. Bultzada erabakigarria izan zen proiektu hura abian jartzeko eta geroko bidea urratzeko.
Akorduan dut, Bizarra Lepoan aldizkariaren hasierako zenbakietan berba politak erabiliz behin eta berriro ematen genizkiola eskerrak erakunde laguntzaileari, bidezkoa zelakoan. Erakundetik, ostera, ondo zela baina diskrezio pixka bat eskatu ziguten, ez zegoela zertan gure diru-iturria lau haizetara zabaldu eta beste batzuk erakarri ur horietatik edatera. Handik aurrera, dirua jaso eta isilik.
Izan daitezela lerro hauek José Ignacioren oroigarri eta gure esker onaren adierazpide.