Dena prest barikuan Getxoko Komiki Azokari hasiera emateko

Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 14:20

Shaun Elay ilustratzailearen lanak ikusi ahal izango dira Romo Kultur Etxean. © SHAUN ELAY

Irailaren 29tik urriaren 1era bitartean, Getxoko Komiki Azokak binetaren mundua hurbilduko dio publiko zabalari bere 21. edizioan. Ohi bezala, bederatzigarren artearekiko hitzordu honetan, artista ezagunek parte hartuko dute, bai azokaren gune komertzialean –Areetako Xake plazan–, bai Romo Kultur Etxean programatutako hainbat jardueratan, eta sarrera doakoa izango da.

Gaur bertan egin duten aurkezpenean, Getxoko alkate Amaia Agirrek azpimarratu du Getxok komikiaren alde urtero egiten duen apustua, "ez bakarrik artistikoaren eta kulturalaren alde, baizik eta baita hedabide horrek publiko desberdinak erakartzeko duen gaitasunaren alde ere, eta kultura eta balio desberdinak transmititzeko tresna gisa duen balio pedagogikoaren alde".

Komikiaren aldeko "apustu" hori gauzatzeko, Getxok 40 salmenta-postu bilduko ditu merkataritza-gunean. Liburu-dendek, argitaletxeek, merchandising-establezimenduek eta fanzineek osatuko dute hori.

Bestalde, Romo Kultur Etxeak ekintzen programazioa hartuko du, nobedadeen aurkezpenak, hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak eta erakusketa bat barne. Bertan, sektoreko enpresa nabarmenetako batzuk izango dira, eta hitzaldietan, aurkezpenetan eta, nola ez, sinaduren txandetan parte hartuko dute, zaleek euren artista gustukoenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinadura-txandak leku horretan zein salmenta-postuetan izango dira.

Borja Crespok, azokako programazio-koordinatzaileak, artista gonbidatuen kalitatea azpimarratu du eta, bereziki, Borja Gonzalezen presentzia, 2023ko Espainiako Komiki Sari Nazional izendatu berria, Getxon aurkeztuko baitu bere azken lana, Las tres noches trilogiari amaiera emanez. Gainera, Extremadurako sortzaileaz gainera, Ana Miralles madrildar idazle beteranoa eta Mikel Begoña bilbotar sortzailea egongo dira, baita Ameriketako mainstreamera salto egin duten David Lopez, Fran Galan eta Natacha Bustos artistak ere. Amaia Arrazolak, Oriol Estrada dibulgatzaileak eta Pedro Cifuentesek osatuko dute aurtengo gonbidatuen zerrenda, Shaun Elay ilustratzailea ahaztu gabe.

Azken hori izango da Romo Kultur Etxeak hartuko duen erakusketaren protagonista, eta bertan ilustratzaile horren lanen erakusketa egongo da, zuzenean eta formatu handian marrazteko gai den artista bakarra baita munduan. Azkenik, tailerren programazioaren barruan, 6 eta 12 urte bitarteko haurrek modu aktiboan gozatu ahal izango dute formatu horrn sortze-prozesuaz. Tailerrek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun