Koalizio abertzaleak zabaldu duenez, Guardia Zibilak EH Bilduko kide bi identifikatu zituen astelehenean, irailaren 25ean, Algortako kuartelaren aurrean, "euren lana egiten ari ziren bitartean". EH Bilduk mozioa aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran, Algortako kuarteleko lurrak herriarentzat berreskuratzea proposatuz eta, testuinguru horretan, EH Bilduko bi kideek, euretariko bat Getxoko Udaleko zinegotzia, argazkiak atera zituzten kalean, kuartelaren aurrean, eta alde egiten ari zirela Guardia Zibil bi euren atzetik joan ziren, identifikatu eta mehatxatzeko.
EH Bilduk gogor salatu du koalizioko kideek jasan zuten jazarpena: "Kuartela erabat lekuz kanpo dago gure herrian, ez du inolako ekarpenik egiten eta beste zeregin batzuetarako beharrezkoak diren lurrak okupatzen ditu". Norabide horretan, EH Bilduk mozioa aurkeztuko du biharko osoko bilkuran, kuarteleko lurrak herriarentzat berreskuratzeko asmoz: "Armen baimenak eman eta ikuskaritza egiteko edota NAN egiteko ez da beharrezkoa horren lur zati handia bereganatzea getxoztarron kalterako. Arrotza egiten zaigu Guardia Zibila, arrotza kuartela eta arrotza kuartela herriaren erdian izatea".
Koalizioak gogoratu duenez, 2014an gehiengo absolutuz onartu zuen Getxoko osoko bilkurak Guardia Zibilaren kuartelaren lurrak berreskuratu eta ondasun publiko bihurtzea. Baina deitoratu du geroztik ez dela urrats gehiagorik eman gai horretan. Kontuak horrela, mozioa aurkeztuko du iraileko osoko bilkuran, eta, horretan Udalari eskatuko dute Guardia Zibilak okupatzen dituen lur horiek berreskuratzeko plan oso bat egin dezala, lur horien balioaren aurrekontu ekonomiko eta erabilera-plan estrategiko bategaz batera.
Besteak beste, gaur egun kuartelak okupatzen dituen lurretan alokairu sozialeko etxebizitzak egokitzea proposatu du behin baino gehiagotan EH Bilduk.