Eduki babestua

Algortako Dendak kaleetara bueltatuko da

Erredakzioa 2023ko ira. 29a, 13:37

Aurreko desfileetako bat. © ALGORTAKO DENDAK

Algortako Dendak Elkarteak bere saltokietako produktuak eta moda Getxoko kaleetan zehar aterako ditu berriz ere. Getxoko Udaleko Ekonomia Sustapen Sailaren babesagaz, saltokiek haien desfile berezia ospatuko dute domekan, urriaren 1ean, eguerdiko 13:00etan.

Tokiko kontsumoa bultzatzeko eta eskaintzen dituzten kalitatezko produktuak erakusteko helburuagaz, ekintzan parte hartzen duten 15 saltokietako arropa, osagarri, estilismo eta produktuakaz osatutako desfile ibiltaria antolatu du elkarteak. Gainera, beste sei saltokiren laguntza izango du, ibilbidea soinuztatzeko, estilismoakaz laguntzeko, parte-hartzaileen mokaduak prestatzeko, eta abar. Era berean, elkarteak Algortako Ana Lara Dantza Taldea eskolako dantzariak izango ditu desfilearen modeloak gidatzeko eta ikusleak animatzeko.

Desfilea Algortako Merkatutik atera eta Portu Zaharreraino helduko da, Telletxe, Satistegi, Tellagorri eta San Nikolas plazetatik pasatuz. Ibilbide osoan zehar, modelo guztiak desfilatzen eta posatzen ikusteko aukera egongo da.

Gainera, 3. edizio honetan, Algortako Dendak aniztasunaren eta inklusioaren aldeko apustua egin gura izan du berriz ere. Horretarako, modeloak bilatzeko Diverseren partaidetza izango du. Diverse Sormen eta Kultura Industrietako gazteenen artean ko-sorkuntza sustatzen duten ekintzaileen taldea da, ikusgarritasuna eta aukera-berdintasuna emateko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun