Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek euren aldarrikapenak kalera atera dituzte Adinekoen Nazioarteko Egunean

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 3a, 10:45

Urriaren 1ean egindako elkarretaratzea.

Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da munduan, gizarteak ongizateari eta adinekoekiko errespetuari dagokienez dituen erronka eta lorpenei buruz hausnartzera gonbidatzen duen eguna, hain zuzen. Hori aprobetxatuta, Itzubaltzeta/Romoko Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek elkarretaratzea egin zuten domekan, "egin gabe dauden aldarrikapenak eta zuzendu beharreko bidegabekeria-egoerak badaudela ikusarazteko".

Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek elkarretaratzea deitu zuten domekarako, urriaren 1erako, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta. 60 lagun inguru batu ziren protestara, Santa Eugenia plazan, baina, itzalgunerik ez zegoenez, kontzentrazioa Kolas plazara lekualdatu zuten. Bertan, sozializatzeko eta euren jarduerak egin ahal izateko, auzoan lokal "egoki eta nahikorik" ez dutela salatu zuten, ezta herritarrek "asko eskatzen duten" eguneko zentrorik ere, "behar duten adinekoei nahi ez duten bakardadeari aurre egiteko eta beren auzoarekin eta jendearekin harremana mantenduz sozializatzeko aukera emango diena".

Protestan, udalerriko eta auzoetako nagusiek dituzten beste hainbat arazo eta aldarrikapen mahai-gaineratu zituzten, hala nola pentsioen duinak eta genero-arrakalarik gabekoak, eta baita osasun eta zaintza publikoa ere. "Gaur gogoratzen dugu helburu horien alde borrokatzen jarraitzea dagokigula,
baita edadismoaren, adinekoen aurkako tratu txarren, infantilizazioaren, gutxiespenaren, xantaia emozionalen eta abar luze baten aurka ere, hala nola
bankuetatik eta erakunde ofizialetatik jasotzen dugun tratuaren aurka", azpimarratu zuten protestara batutakoek.

Arazoak azaleratzeaz gainera, adinekoek duten bizitzeko gogoa eta dibertitzeko eskubidea ere aldarrikatu zuten, baita gizarteari haiek bezalako pertsonek eman dezaketen balioa ere: "Pertsona baliodunak, pertsona aktiboak, ezagutza duten pertsonak, esperientzia duten pertsonak, komunitateari ekarpena egin diezaioketen pertsonak... Geratzen zaigun denbora ahalik eta gehien aprobetxatu behar dugula jakiteko adina dugu".

Amaitzeko, Lope de Vega kaleko nagusien etxea hartzen zuten eraikinen aldeko borroka "eredugarria" goraipatu zuten eta, ildo horretan, mobilizazioetan parte hartu zuten pertsonei eskerrak eman zieten. Horren harira, iragarri zuten, "kolpe gogorra" jaso arren, berriro altxatuko direla tea elkartearen jarraipenaren alde borrokatzen jarraituko dutela, iragana aldarrikatuz eta etorkizunaren oinarriak jarriz. "Oraindik ere, 'lotsaren hesiaren' ondotik pasatzen garenean, malko batek ihes egiten digu edo eztarrian korapilo bat egiten zaigu. Kopeta altxatu, arnasa sakon hartu eta hesian bertan norbaitek idatzitako mezua gogoratu behar da: edozer gertatuta ere, irabazi egin dugu", azpimarratu zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun