Arte eszenikoen eskaintza zabala izango du Muxikebarri Antzokiak hurrengo hiru asteotan

Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 17:01

Barikuan, hilaren 6an, hasiko da arte eszenikoak oinarri hartuko dituen Getxo Eszena programaren 41. edizioa. Hala, hilaren 22ra bitartean, askotariko diziplinetako ikuskizunen eskaintza zabala hartuko du udalerriak; guztira, 10 lan antzeztuko dira Muxikebarri antzokian, gehienak euskal konpainien eskutik. Sarrerak ohiko salmenta-lekuetan erosi ahal izango dira.

Hiru astean zehar, askotariko antzezlanez gozatu ahal izango da Muxikebarri Antzokian. Lehenengoa barikuan hasiko da Zeozertan dabil baina ez dakit zertan (19:30) antzezlanagaz, Meatrokoadrokoak eta Sormen Laborategiak, familiaren kontzeptutik abiatuta, sitcom eta poesia bisualaren artean egingo duten euskarazko antzerki muntaiagaz. Hurrengo egunean, urriaren 7an, Nevenka (20:00) eskainiko dute, Nevenka Fernandezen historia kontatzen duen Histrion Teatroren lana, hain zuzen ere. Horren protagonistak kargu politiko baten aurkako jazarpenagatiko epaiketa bat irabazi zuen 2001ean, Espainiako historian lehen aldiz. Lehenengo aste-akabuari amaiera emateko, Abundance (19:00), Osa+Mujikaren dantza pieza ikusgai egongo da, monogamia zalantzan jartzen duena.

Bigarren astean, Getxo Eszenak Sueño de una noche de verano klasikoa berrikustea proposatuko du urriaren 12an, 19:00etan. Sin Remilgos, tokiko Utopian konpainiaren sail gazteak, Teseo Atenasko dukearen ezkontzan gertatzen den istorio ezagun horren bere ikuspegia eskainiko du. Hurrengo egunean, hilak 13, barikua, Axut! eta Artedrama konpainiek Hondamendia (19:30) aurkeztuko dute. Euskarazko muntaia horrek 2020an Zaldibarren zaborrontzi bat erori eta bi langile hil ziren gertaeraren ostekoak kontatuko ditu.

Zapatuan, hilak 14, Pepa Plana konpainiak Si tú te vas (20:00) antzeztuko du, hiru pailazo protagonista dituen lana. Hiru emakume heroiek euren bizipenak eta istorioak kontatuko dituzte, barreak eragiteko helburuagaz. Domekan, hilaren 15ean, bigarren zikloari amaiera emango dio Anita Maravillasen Andereñoa (18:00) haurrentzako lanak, landa eskola txiki batean girotua dagoena.

Getxo Eszenako azken astean beste hiru ikuskizun egongo dira gozagai: barikuan, hilak 20, Zarra (20:00), Adriana Bilbaoren dantza-lana, Telmo Zarraonandia, Athleticeko jokalari mitikoa eta futbolaren elezaharra omentzen duena, eta zapatuan, hilak 21, Pandataria (20:00), Cayetana Guillen Cuervo aktorea eta Chevi Muraday koreografo eta dantzaria protagonista dituen antzerki dantza ikuskizuna. Lan hori izen bereko uhartean dago girotuta, gizarteak baztertutako pertsona desberdinak erbesteratzen dituzten lekuan. Dantzak, rapak eta interpretazioak elkarri helduko diote gizarteari egokitzen ez zaizkionekiko diskriminazioari, Erromatar Inperioaren garaitik gaur egunera arte erbesteratutako pertsona ospetsuen historian barrena ibilbidea eginez. Azkenik, Urteak bete, abenturak bizi (16:30 eta 19:00) Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ospetsuen haurrentzako ikuskizunaren eskutik amaiera emango diote Getxo Eszenari.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun